Irakasleak Sofiako (Bulgaria) industria bisitatzen eta aztertzen ari dira

Erabiltzailearen aurpegia Pili Aldanondo 2026ko maiatzaren 20a

Era berean, genero berdintasunaren arloan enpresa publiko zein pribatuetan egiten diren politikak ezagutzen ari dira.

Salesianos Urnietako bi irakasle Sofian (Bulgaria) daude aste honetan, helburu bikoitza ardatz hartuta. Batetik, Dual Orokorraren baitan enpresetako egonaldian dauden ikastetxeko bost ikasleren enpresak eta jarduna ikusten eta aztertzen. Bestetik, enpresa publiko nahiz multinazionaletan emakumeen presentzia areagotzeko dituzten planak eta estrategiak ezagutzea.

Momentu honetan Urnietako Salestar ikastetxeko Erdi Mailako hiru ikasle eta Goi Mailako bi ikasle daude Bulgariako hiriburuan prestakuntza-praktikak egiten. Bisita honen bitartez, ikasleek egiten duten lana tokian bertan egiaztatzen ari dira bi irakasleak. Horretaz gain, robotika, mantentze elektromekanikoa eta inprimaketa grafikoaren arloko puntako enpresak bisitatzen ari dira, Salesianos Urnietarentzat sektore estrategikoak izateaz gain, ikasleen prestakuntza aberastu dezaketen metodologia, teknologia eta prozesu industrial berriak ezagutzeko aukera ematen dutelako.

Lan agendaren barruan, Bulgarian Academy of Science zentroa ere bisitatu dute. Modu horretan, herrialdeko esparru zientifiko eta teknologikoan erreferentzia den erakunde horretan egiten diren ikerketa eta garapen teknologikoko proiektuetara hurbildu ahal izan dira, bai eta genero arrakala ezagutu ere.

Nazioarteko esperientzia honen beste helburu garrantzitsu bat da Bulgariako industria sektorean emakumeek duten presentzia ezagutu eta aztertzea da. Horretarako, profesionalekin eta toki erakundeekin iritziak trukatu dituzte, eremu tekniko eta industrialen barruan berdintasunaren arloan dauden erronkei eta aurrerapenei buruz hausnartzeko.

 

Nazioartekotzea, helburu

Salesianos Urnietatik zentroaren nazioartekotzean murgilduta jarraitzen dute. Europako hainbat herrialdetan praktikak sustatzeaz gain, (horren erakusle da aurten 22 ikasle daudela Europan zehar enpresetan), gero eta gehiago dira Urnietako Lanbide Heziketako ikastetxea bisitatzen duten nazioarteko ikastetxe eta enpresak, bertako instalazioak eta lan egiteko modua gertutik ezagutu nahian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!