Urnietako Salestar Ikastetxeko Oinarrizko Lanbide Heziketako geletan murgilduta daude Alemaniako 8 ikasle

Erabiltzailearen aurpegia Pili Aldanondo 2026ko maiatzaren 21a

Merkataritzako eta Grafikagintzako zikloetan banatuta daude hiru irakaslerekin etorri diren zortzi ikasleak. Alemaniako Troisdorf hirian dagoen Georg Kerchenstein Lanbide Heziketako zentro batekin antolatutako ekintza bat da, Oinarrizko Maila nazioarteratzea helburu duena.

Urnietako Salestar ikastetxean Troisdorf (Alemania) hiriko zortzi ikasle eta hiru irakasle daude aste honetan. Oinarrizko Lanbide Heziketan hezkuntza murgiltze programa baten baitan etorri dira eta ekimenaren helburu nagusia Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleen nazioartekotzean aurrera egitea da, ikasgelan zuzeneko esperientziak baliatuz horretarako.

Merkataritza Zerbitzuetako eta Arte Grafikoetako espezialitateetan murgildu dira zortzi ikasleak. Modu horretara, ikasle eta irakasle bisitariak hurbiletik ezagutzen ari dira Urnietako Salestarren Hasierako Lanbide Heziketako lan metodologia, antolaketa eta egunerokotasuna.

Ikastetxeak 15 urte inguruko ibilbidea dauka Oinarrizko Lanbide Heziketan; “nazioartekotzea ikastetxeko helburu estrategiko bat izanik, ezinbestekoa da Lanbide Heziketako etapa guztietan presentzia izatea” azaldu dute Ander Loyarte eta Nerea Lizartza, ikastetxeko nazioarteko gaien koordintzaileek. Esperientzia hau arlo akamidekoan eta pertsonalean “oso positiboa” izaten ari dela azpimarratu dute, era berean. Izan ere, hezkuntza-ezagutzak eta praktikak trukatzeaz gain, jarduerak hainbat alderdi lantzeko aukera ematen du, hala nola kulturartekotasuna, bizikidetza eta ingelesaren erabilera ikasleen arteko komunikazio-hizkuntza gisa.

Urnietako Salestar ikastetxean internazionalizazioa indartzen ari direla urteak dira. Ikasleak Europako herrialdetako enpresetara bidaltzeaz gain, hainbat dira ikasturte honetan zehar, esaterako, ikastetxera joan diren irakasleak eta ikasleak, euren lan metodologiak eta esperientziak bertatik bertara ezagutzera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!