Zoriontzeko moduko albiste bikaina jaso dugu: 18 urteko Irune Mateo ikasleak Batxilergoko aparteko ibilbidea aitortzen duen Euskadiko Batxilergoko Ohorezko Saria eskuratu du.
Aurten, Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko Ohorezko Sarietara 600 ikasletik gora aurkeztu dira. Hasieran 16 sari aurreikusi baziren ere, azkenean 14 ikaslek baino ez dute merezimendu hori lortu, eta horien artean dago gure ikastetxeko Irune Mateo ikaslea. Lorpen honek bere ahalegina, konstantzia eta bikaintasun akademikoa aitortzen ditu.
Datorren ikasturtean unibertsitateko ikasketak hasiko ditu, ilusioz eta erronka berriei aurre egiteko gogoz. Bere ibilbideak, ordea, ez du soilik emaitza akademiko bikainetan oinarritzen. Izan ere, iastetxean beti nabarmendu da pertsona arduratsu, apal eta konprometitu gisa. Ikaskideekin harreman bikaina izan du beti, behar izan duenari laguntzeko prest egon baita beti.
Horrez gain, atletismoko kirolaria da, eta kirola eta ikasketak bikain uztartzea lortu du urte hauetan guztietan. Horri beste konpromiso pertsonal bat ere gehitzen zaio: haur bati etengabe lagundu dio etxeko lanetan eta ikasketetan. Asier Irazusta irakasleak hala azaldu du ikaslearen izaera eta ibilbidea: "Hasieratik ikusi genuen aparteko ikaslea zela. Ez bakarrik bere gaitasun akademikoengatik, baita pertsona gisa erakutsi duen heldutasunagatik ere. Beti egon da prest ikaskideei laguntzeko, errespetuz eta umiltasunez jokatu du une oro, eta ahaleginaren balioa erakutsi digu egunero. Atletismoan duen diziplina eta haur bati ematen dizkion klase partikularrak bere konpromiso sozialaren eta balioen isla dira. Zalantzarik gabe, sari hau guztiz merezia du."
Gure hezkuntza-komunitate osoarentzat harrotasun handia da lorpen hau. Ikasle honen arrakastak erakusten du bikaintasun akademikoa balio pertsonalekin, elkartasunarekin eta konpromisoarekin uztartu daitekeela.
Ikastetxetik zorionik beroenak helarazi nahi dizkiogu, eta etapa berri honetan zorterik onena opa diogu. Ziur gaude unibertsitatean ere orain arte erakutsi duen dedikazio, ilusio eta giza kalitate bera izango dituela, eta etorkizunean ere erreferente izaten jarraituko duela.