Euskararen Eguna ikastetxean

Erabiltzailearen aurpegia Pili Aldanondo

Euskararen Eguna ospatzeko ekintza bereziak Salestarrak Magale Urnietan

Abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatuko dugu, eta Magale Salestarrak Urnietan egun berezi horri protagonismoa emateko hainbat ekintza antolatu ditugu. Euskara, jolasa, elkarlana eta gure hizkuntza bizitzeko aukera izango dira eguneko ardatz nagusiak.

Egunari hasiera emateko, DBH 4ko ikasleak Magalera joango dira LH1-5eko ikasleekin prestatutako ginkanak martxan jartzera. Ekintza honen bidez, ikasleek elkarrekin jolastu, erronkak gainditu eta euskaraz aritzeko aukera izango dute.

Bestalde, ikastetxean geratuko diren DBH 1, 2 eta 3ko ikasleek herri kirolak izango dituzte LH6ko ikasleekin batera. Toka, sokatira, lokotxak eta zaku-lasterketak izango dira proposatutako jardueretako batzuk, giro ezin hobean euskaraz gozatzeko eta talde-lana sustatzeko.

Egunari amaiera emateko, DBH 1eko ikasleek Quizziz bidezko galdetegi eta jolasak prestatuko dituzte, DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleentzat. Ikasleek eurek sortutako proposamenen bidez, euskararekin lotutako erronkak eta jolasak partekatzeko aukera izango dute.

Aurreko guztiaz gain, ikastetxe guztiko ikasleek parte hartzeko lehiaketa ere antolatu da; aste guztian zehar pista batzuk jaso dituzte goizeko Egun Onetan eta asmatu egin beharko dute nori buruz ari garen. Asmatzaile guztien artean sari gustagarri bat zozketatuko da.

Ekintza guzti hauen helburua euskara ikasgelatik haratago eramatea da, gure eguneroko bizitzan erabiltzeko, gozatzeko eta elkarrekin bizitzeko hizkuntza dela erakutsiz.

Euskaraz bizi, jolastu eta gozatu!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!