Santakrutz jai batzordeak honako ohar hau zabaldu du:
Santa Krutz Jai Batzordeak 2020-ko festetako balorazio bilera egin ondoren, festak oso positibotzat kalifikatu ditugu. Partehartze handia egon da eta jendeak ilusioa eta gogoa azaldu du, festetako grinaz gain. Balorazioan puntu hauek nabarmendu ditugu eta zuei zabaldu nahi dizkizuegu:
- Festen identitatearen mantentzea. Andoaindarrak identifikatuta sentitzen gara jai hauetako hainbat eta hainbat ekintza zein emanaldirekin eta ezohiko egoera honen aurrean aurten antolaketarako edukitako oztopo guztien gainetik hori bermatzen saiatu gara. Modu ezberdin batean baina festen esentzia etxe eta familietara eraman dugulakoan gaude, Jai Batzordetik festa hauetan bultzatu nahi ditugun baloreak aurrean izanez (euskara, feminismoa, berdintasuna, auzolana, partehartzea…) eta jendeak Santa Krutz festak identifikatuz eta ospatuz osatutako online egitarauarekin.
- Herritarren konpromezua eta erantzuna. Aurreko puntuarekin lotuz, festen identitate honen lanketa ezinezkoa izango zen herritarren prestutasunik gabe. Kontuan hartuta apirilak 20 inguruan hartu zela festak online egiteko erabakia eta zein margen gutxirekin jarri garen kontaktuan egitarau honetan parte hartu duten eragile zein pertsonekin, zoriontzekoa eta eskertzekoa da hauek erakutsitako prestutasuna parte hartzeko orduan. Festa hauengana sentitzen dugun maitasuna herriko jendearengana sentitzen dugun maitasun bera da, herriko jendeagatik direlako posible jai hauek.
- Udaletxetik hartutako erabaki batzuekiko desadostasuna. Jai hauek antolatzeko orduan ulertzen ez ditugun hainbat egoera jazo dira eta horiekiko desadostasuna adierazi nahi dugu. Lehenik, legeak ezarritako segurtasun neurri guztiak hartuz bi trikitilariren kalejira antolatu nahi genuen festen itxiera sorpresa moduan inguruko herrietan (Billabona, Legazpi…) egin den bezala, baina alarma egoeran ezinezkoa zela adierazi zigun Udalak. Era berean, Udalak bideo bat emititu zuen maiatzaren 3ko eguerdian hain juxtu, Jaietako egitarauean Balkoietako Tanborrada programatuta zegoenean. Ez dugu ulertzen nolatan Jaietako egitarauaren berri jakinda, besteak beste publikoa zelako eta festen hasiera baina ia astebete lehenago eskura zutelako, ordu eta egun berdinean programatu zuen Udalak bideo hau. Azkenik, apirilaren 30ean, festen hasierako egunean udalak publikatu zuen Andoaingo kale huts, hil eta tristeak islatzen dituen bideoarekin ez gatoz bat eta ez gaitu irudikatzen, nahiz eta kontsultatu gabe publikatu eta Jai Batzordearen logoa jarri zuten bertan gure baimenik gabe. Andoain bizirik dagoela garbi geratu da pasa den asteburu honetan, eguneko edozein momentutan burua altxa eta herriko edozein balkoietara begiratu besterik ez zegoen hortaz konturatzeko.
- Santa Krutz jaietarako diru partida. Festa hauetara zuzenduta dagoen diru partidakoa da gutxi gorabehera. Aurten herritarren borondatez osatutako egitaraua izanik ez dugu ia gasturik izan. Hala ere, Jai Batzordetik detaile bat eduki nahi izan dugu egitarauan parte hartu duten pertsona, eragile zein talde guztiekin beraien esfortzu zein konpromezua eskertzeko eta Udalak onartu digun diru kantitate bat hauengana bideratuko da. Detaile hau, ordea, ez da esku dirutan emango. SALKIN-ekin harremanetan jarriko gara eta herriko komertzioetan gastatzeko ‘bale’ moduan emango da, nolabait, festetara bideratuta zegoen diru partidako zati bat egoera zail hau pairatzen ari diren komertzioetara bideratuz . Era berean, erabili ez den eta herrira zuzenduta zegoen diru partidaren gainerakoa komertzioak lagundu eta hauek suspertze aldera bideratzea proposatzen diogu Udalari Jai Batzordetik, egokiena ikusten duten formula erabiliz.
Santa Krutzak aurrera eraman dira. Ez nahi genuen moduan, zer esanik ez nahi genuen giroan. Baina festak ospatu dira eta esker onik besterik ez dugu Batzordekideok hau posible egin duzuen pertsona guztientzat.