Oraintxe bertan espetxean gurasoren bat edo biak dituzten 18 urtetik beherako 86 haur daude eta 18 urtetik gorako hainbat gazte daude, eta batzuek 9 hilabete luze daramatzate haien gurasoak besarkatu gabe; haien ahotsa entzun dezakete dei baten bitartez baina ezin dituzte ikusi, ezin dituzte ukitu, ezin dute haiekin jolastu eta ezin diete muxurik eman; guzti horrek haur baten garapenean izan ditzakeen ondorio guztiekin.
Egoera hori onartezina da, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berresten duenez, guraso espetxeratuak dituzten haurrek gainerako seme-alabek dituzten eskubide berberak dituzte, gurasoen konpainiaz gozatzea funtsezko elementua baita familia bizitzan, eta, horregatik, espetxe-agintariek presoei hurbileko familiarekin harremanetan egoteko aukerak ematea familia bizitzarekiko errespeturako eskubidea bermatzeko funtsezkoa da; baina motxiladun umeen eskubideak behin eta berriz urratuak izaten dira.
Euskal presoak Covid19aren eraginez inoiz baino isolatuago daude, egiten ari zaien eskubide urraketa are bortitzagoa da eta haien etxetik gertuen dagoen espetxean egotea dagokie, horregatik aldarrikatu nahi dugu motxiladun umeak haien aita, ama edo biak bixitatzera joateko bidaia patinetez egiteko eskubidea dutela. Hori izango delako etxetik gertu daudenaren seinale. Urte luzez eginiko kilometroak behingoz bukatuko direnaren seinale.
Gainera guraso presoek, preso izateagatik ez diote guraso izateari uzten, eta salbuespenezko espetxe politikak zigor gehiagotu hori ere ezartzen die. Ezin dute haien seme-alabekin harreman normalizatua mantendu, hilabetean behin ikusten dituztelako eta ez dute haien egunerokotasuna ezagutzen; laburbilduz, ezin dute guraso papera gauzatu haien seme-alabengandik hain urrun egonda eta erregimen itxian egonda. Legeak, eta legea aplikatzeko praktikak, erakutsi du preso egonda ere badaudela guraso izaten jarraitzeko aukerak, baimen bereziak, pultsera telematikoak... aukerak egon badaude eta horiek aplikatu behar zaizkie lehenbailen guraso preso horiei; izan ere, euskal preso gehienak lehen graduan daude oraindik ere, hau da erregimen gogorrenean. Aplikatzen zaien salbuespen legediagatik ez balitz, motxiladun haurrez ez lukete guraso presoaren oraingo ausentzia handi hori izango. Izan ere, guraso preso gehienak egoera erabat desberdinean leudeke: tarteka baimenei esker etxean, 3/4ak beteta dituztelako baldintzapeko askatasunean, edo 3. graduan espetxera lotara bakarrik joanez.
Azkenik, ezin ditugu ahaztu espetxean bizi diren motxiladun umeak, haien egoera bereziki larria baita. Aranjuezeko espetxeetan daude Izadi eta Irati. 9 hilabete daramate haien senideak eta gertukoak aurrez-aurre ikusi gabe. 9 hilabete daramate kalera irten gabe, lehendik lortutako egokitzapenean atzera pausu bat suposatzen duelarik. Eta gogorrena dena, hilabete luzez haien aita ikusi gabe egon dira, ondoko moduluan dagoen arren. Haur horiek ez daude preso baina ez dute haien herria ezagutzen urrun dagoen espetxean daudelako. Haien inguruan egoteko eta haien lagunak ezagutzeko eskubidea dute, haien senideen ondoan eta bi gurasoekin batera, horretarako ezinbestekoa da Euskal Herrian familia moduluak egotea, haur horien eskubideak errespetatu ahal izateko.
Nahiko da! Eta guzti hori aldarrikatzeko, deialdia egiten dugu datorren abenduaren 26an Martuteneko espetxetik Loiolara egingo den Kalejiran parte hartzera, besteak beste bertan egongo da Porrotx, gurekin egongo dira Janitz eta Sua motxiladun umeak izandakoak ere kantatzen, eta haurrei patinetean etortzeko deia egiten diegu! Eskerrik asko.