Azken bi urteak garrantzitsuak izaten ari dira euskal presoen egoerari eta salbuespeneko espetxe politikari dagokionean. Urte luzeetan ezarritako urruntze politikaren amaieraren atarian gaudela esan genezake, eta honekin batera salbuespen legedia atzean utzi eta legedi arruntera salto egiteko unea dela. Aldaketa honek ordea, kontrako jarrerak ere hauspotu ditu, eta badira oraindik ere etxerako bidean oztopo izaten ari diren gertaerak. Aldaketa hau egi bihurtzeko eta euskal presoei behingoz legedi arrunta bere osotasunean ezarri dakien, Euskal Herriko kaleak aldarriz betetzen jarraituko dugu.
Hori hala, datorren maiatzaren 7an Aiztondo bailarako herri batzuk Gipuzkoako beste udalerri batzuekin batera Jaialdi bat antolatu dugu. Bertan azken urteotako lana balioan jarri eta lortu ditugun garaipen txikiak ospatzeko parada izango dugu. Zutabe desberdinak Orion elkartu eta han Bazkaria, kontzertuak, jokoak, ekitaldia, txozna eta abar izango ditugu.
Egin ditzagun guztion artean 3.127.326km elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidean! Eta batu gaitezen datorren urriaren 8an Donostian azken kilometroak elkarrekin egin ditzagun.