Horregatik, ospakizun eta aldarrikapen eguna da gaurkoa. Egindako bidea eta bideak ekarritako lorpenak elkarrekin ospatu nahi ditugu. Eta oraindik lortzear ditugunak aldarrikatu.
Hiru milioi arrazoi baino gehiago ditugulako munduari gure herri honek konpondu beharreko auzia duela helarazteko. Eta guztiok batera bidean jarraitzea beharrezkoa dela konponbide hori gauzatzeko.
Sortu ginenetik, horixe izan da Sare Herritarraren lana. Mugarriz mugarri aurrera egitea, erronka berriak ezarriz, euskal preso, iheslari eta deportatu guztiak etxeratze prozesua gauza dezaten.
Guzti hau ahalegin kolektibo baten emaitza izan da eta ahalegin bera eginez jarraitu behar dugu. Kaleetan aldarrikatuz, parlamentuetara eskariak eramanaz, euskal sindikalismoaren babesa bilatuz eta egoera aldatzeko aukera duten erakunde eta pertsona guztiekin elkarrizketa bideak zabalik mantenduz. Orain arte horrela jokatu dugu eta aurrerantzean ere horrela jarraituko dugu.
Irribarre egin dezagun bide onean goazelako. Gure helburuak betetzen ari gara eta elkarrekin bidea egiten jarraitzen dugun bitartean, aurrerantzean ere betetzen jarraituko dugu. Hori baita bide bakarra gure azken xedea lortzeko, elkarrekin aritzea.
Inork ez zigun esan erraza izango zenik. Bagenekien hamarkadetan zehar euskal presoak pairatzen ari diren eskubideen urraketari amaiera ematea zaila izango zela, baina pixkanaka mugarri berrietara iristen ari gara. Ukaezina da presoak gaur egun etxetik gertuago daudela. Hala ere, Aragoi, Gaztela, Madril, Errioxa eta Kantabriako kartzeletan euskal presoak daude oraindik. Eta horrekin amaitu beharra dugu.
Urruntze-politika oraindik ez dela amaitu esateko 50 arrazoi baino gehiago ditugu. Izan ere, oraindik ere Espainiako eta Frantziako kartzeletan euskal herritarrak preso egoten jarraitzen dute.
Horregatik ezin gara erlaxatu, erne egon behar dugu. Ongi goaz, BAI, baina oraindik ERE mugarri asko ditugu irabazteko.
Duela bi urte baino gutxiago, etxetik gertu zeuden euskal presoen izenak buruz zerrenda genitzakeen. Gaur egun, ordea, egora horri bira eman diogu eta ia buruz gogoratu ditzakegu oraindik urrun daudenen izenak.
Oraindik Espainiako kartzeletan dauden 37 preso horiek hurbildu behar ditugu, bakarra urrun den heinean urruntze politikaren amaieraz ezin izango baitugu hitz egin.
Eta Frantziako kartzeletan daudenak ere gogoan ditugu. Iparraldeko gure kideek gure babes osoa dute euskal presoek Frantziako kartzeletan ere pairatzen duten eskubide urraketa horri amaiera emateko helburuan aurrera egiten jarraitzeko.
Zorionak Bake Bidean eta Bakearen Artisauei egindako lanagatik! gizartea mobilizatzeko egindako lanari esker, abokatuen lan juridikoarekin bateragarri eginez, Esnal eta Parot euskal presoek, 32 urte baino gehiagoren ostean, askatasuna berreskuratu baitute.
Eredugarria ere gure helburuen inguruan sindikatuek eta euskal gehiengo politikoak lortutako adostasun eta akordioak. Argi erakutsi dugu gehiengo horiek gizarte-mobilizazioarekin bateragarri egiteak gure helburuetara azkarrago hurbiltzen gaituela.
Norabide berean eman ditugu urratsak, aliantzak sortuz eta elkarrekin bultzadak emanaz. Pozgarria deritzogu hau ere, bakea eta bizikidetza erdiesteko bide luze honetan egindako lorpena baita.
Ez garelako helburu politiko alderdikoiak defendatzen ari. EZ. Eskubideak defendatzen ari gara. Giza Eskubideak. Eta horregatik ideologia politiko desberdinak ditugun pertsonok bidea elkarrekin egin dezakegu; askatasunik gabeko pertsonei dagozkien eskubideen defentsak batzen gaituelako. Hau da jarraitu beharreko bidea.
Ez dugu etsiko denak hemen egon arte, gure erronka Estatuko botereen jarduera-arau bihurtu den espetxe-politika ilegala eta ankerrarekin amaitzea baita. Izan ere, urruntze politikariari amaiera emateaz gain, gradu-progresioarekin edo baimenen kudeaketarekin ematen ari den blokeoari ere amaiera eman behar zaio.
Oraindik ere gaur egun espetxe legedi arrunta ez da berrezarri. Salbuespenean oinarritutako politikan ainguratuta jarraitzen dugu, eta hori are nabarmenago ikusten da Auzitegi Nazionalak, Fiskaltzak bultzatuta, Tratamendu Batzordeek euskal presoentzat onartzen dituzten gradu- progresioak edo espetxe-baimenak errekurritu eta atzera botatzen dituen bakoitzean. Mendekua oinarri soilik uler daiteke preso horiei Europan ezezagunak diren zigor luzeak bete ditzaten helburu bakarrarekin, ad hoc aplikatutako salbuespenezko legedi bati eusteak, adibidez 7/2003 eta 7/2014 Lege Organikoei. Honek etxera itzultzeko bideari ekitea galarazten die. ETXERA BIDEA GERTU.
Auzitegi Nazionalaren justiziak beste alde batera begiratu du beti eta begiratzen jarraitzen du torturak, botere-abusuak, giza eskubideen urraketak, ustelkeria... epaitu eta kondenatu nahi direnean. Espainiako Justiziak gure errespetu guztiei legedi bera aplikatzen hasten denean izango du, eta ez batzuei mesede eta besteei gorrotoz erantzutean.
Beraz, salbuespen-legeriaren amaiera aldarrikatzen dugu. Eta espetxe legediaren zentzuaren aurkakoa den zigorren betikotzearen eta botere-abusuaren aurrean izango gaituzte.
Lagunok: esandakoa. Goza dezagun gaurkoan, poztu gaitezen orain arte lortutakoarengatik, ez baita gutxi.
Bihar salatzen eta aldarrikatzen jarraituko dugu.
Eta ez ahaztu data berri bat dugula egutegian. Urtarrilaren 7an eginahal guztiak egiteko unea da. Behin betiko konponbidearen unea da.