Sorabilla-Errotagain elkartearen oharra

Errepideen hedapena eta balizko lotuneen arazoa aztertu eta auzoari nola eragin dieziokeen ikusteko egin zuen Batzarra Auzo Elkarteak, joan den urtarrilaren 27an.

 

Elkarteak azpimarratu nahi du auzo honek andoaindarrentzat duen garrantzia bai aisialdi edota kirolen ikuspegitik eta baita paisaia, ingurumena eta historiaren aldetik ere.

Asko dira auzora etortzen direnak denbora-pasa, pelotan egin, mendi ibilaldiak abiatu edota pasiatzera, landaparkean meriendatzera edo mezetara eta abar. Elkartearen ustez, auzoa babestu egin behar da nahi duenak goza dezan, bizi dezan eta horregatik, sakonki aztertu ditu errepideen hedapenak eta planteatzen diren lotuneek sortzen dituzten arazoak eta gehiago berreskura ezin izango liratezkeen kalteak.

Batzarrak ondorengo oinarri hauek onartu zituen Udalari aurkezteko eta Diputazioaren aurrean alegazioak aurkezteko:

Behin eta berriz adierazi gure ezadostasuna plantea daitezkeen sahiesbide proiektuei, ikaragarrizko txikizioa sortu eta benetako arazoak konpontzen ez dituztelako.

Foru Aldundiak aurkezten duen C2 proposamenari behar diren alegazioak aurkeztea ondorengo puntu garrantzitsu hauek oinarri hartuta:

2.1 Egungo N-I errepidearen bidea Oria ibairantz aldentzea ahal den gehienen.

2.2 N-I eta A-15 errepideen arteko lotuneak ahalik eta hegoalderantzena egitea eragiten duten trafikoak ez ditzan bizi-esparruak zanpatu eta urrutira daitezen aisialdi eta kirol guneetatik.

2.3 Aldez aurretik kontutan har daitezela honelako eraikuntza batek sor ditzakeen eraginak soinu eta zarataren aldetik, paisaiaren aldetik eta ingurumenari dagokienez, arazo hauek zuzenean eragiten bait diete auzoaren ondasunik nagusiena direnei: pertsonak.

Elkarteko talde eragilea lanean jarriko da eta udal nahiz foru organuei bilerak eskatzeaz gain, Foru Aldundiak aurkeztutako proiektuari beharrezko alegaziok aurkezteko behar den modu eta garairako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!