Irtenbiderik onenaren bila

Erabiltzailearen aurpegia Sorabilla Auzo Elkartea

Ez da batere erraza Andoaindik igarotzen diren N-1 eta A-15 errepideen arteko ipar eta hegoaldeko lotuneei irtenbidea aurkitzea.

Zailtasun horrek hainbat eztabaida sortu du eta Andoaingo Udalak, eztabaida hauen arteko konponbidea aurkitu asmoz sortu zuen lan mahai bat. Mahai horretan erabaki zen Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutako irtenbide posibleen inguruko azterketa teknikoa egitea hainbat baldintza kontutan harturik. Aipatu azterketa teknikoak ebatsi zuen, irtenbiderik egokiena egungo errepidearen egokitzapena eta lazo lotunea iparraldean eta 3. karrila hegoaldean zirela zalantzarik gabe irtenbiderik onenak.

Horrezaz gain, adituen hitzaldiak antolatu ziren herritarrei ahalik eta informaziorik osatuena eskaintzeko asmoz. Aditu guzti guztiek baztertu zuten autobide berri baten eraikuntza, horrek ekarriko lituzkeen ondorioak kontutan hartuta.

Argudio gehiagorik ezean, azken honetan biderkatu egin dira pertsonei buruzko deskalifikazioak eta, txosten teknikoa zalantzan jarri ezina dela uste dutenei,  Andoainen interesen aurka joatea egozten zaie. Zalantzan jartzen da ere Andoainen alde egiten ote dugun edo bestelako interesak ote ditugun: salaketa hau guztiz koldarra iruditzen zaigu pertsonak seinalatzen direlako faltsukerietan oinarrituz. Guztiok gara irtenbiderik onenen bila gabiltzan andoaindarrak eta horretarako argudioak behar dira eta ez seinalamenduak eta falaziak.

Berretsi nahi dugu, egun, onartzen ditugula proposatutako irtenbideak eta beraien hobekuntza eta geuk ere Arartekoarengana joko dugula lan mahaian eta denon artean onartutako prozesu demokratiko guztiak errespeta daitezen.

Amaitzeko esan, ez dugula onartzen Andoaingo Alkateak andoaindar ez bagina bezala trata gaitzan eta laguntzarik eskaini ez izatea ibilbide guzti honetan. Sorabillatarrok ditugun erronkei aurre egin ahal izateko ez zaigu inoiz eskaini ez bitartekorik eta ez inolako laguntzarik, Sorabillako arazoak Andoaingo arazo ez balira bezala.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!