XVIII. Laburbira: film laburrak aurkezteko epea zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Taupa Mugimendua 2021ko urt. 25a, 09:20

Ikus-entzunezkoak urtarrilaren 21etik otsailaren 4ra bitartean aurkeztu behar dira webgunearen bitartez. Apirilaren 26tik maiatzaren 30era bitartean ospatuko da Laburbira.

Euskaltzaleen Topaguneak XVIII. Laburbira zirkuitura laburmetraiak aurkezteko epea zabaldu du eta otsailaren 4ra bitartean edozein zuzendarik bere lana aurkezteko aukera izango du webgunearen bitartez, hasi berria nahiz amateurra izan.

Aurkeztu ahal izateko filmek euskaraz egindakoak izan behar dute, 2019tik hona ekoiztutakoak, fikziozkoak eta 20 minututik beherakoak. Otsailaren 4tik eta 11ra bitartean antolakuntzak film laburren aukeraketa bat egingo du eta laburmetrai horiek izango dira XVIII. edizioko Laburbira osatuko dituzten lanak eta herriz herri bidaiatuko dutenak. Zenbait kasutan gainera zuzendariek beraien lanak aurkezteko aukera izango dute publikoaren aurrean.

Laburbira zirkuitu ibiltariak aukeratutako laburmetraiak Euskal Herriko eta baita kanpoko hainbat aretoetara eramango ditu

Iazko edizioan 27 ikus-entzuneko jaso ziren arren, azkenean 9 film labur aukeratu ziren: 'Gau Beltza', 'Urak dakarrena' (Marilyn), 'Anti' (Josu Martinez), 'Tigre bat' (Amaia San Sebastian), 'Pil Pil' (Kristina Zorita), 'Mamarro' (Ibon Iza), 'Kateak' (Yolanda Mazkiaran), 'Jauzi bat eta Prixt' (Maitane Eyheramonho) eta 'Harria Herria' (Dimegaz Kultur Elkartea). Horietariko batzuk 2019ko hainbat jaialditan aurkeztutakoak izan ziren eta ikusleen artean arrakasta handia izan zituztenak, besteak beste, 'Anti', 'Pil Pil' eta 'Harria Herria' film laburrak.

XVIII. edizioa beteko du 2021an Laburbirak kulturarentzako eta batez ere, ikus-entzunezkoentzako egoera berezi honetan, helburu sendo batekin: zuzendarien lanak ezagutarazten jarraitzea euskaraz ekoizten jarraitu dezaten aukera emanez eta ikusleei sortutako zineaz gozaraztea ezohiko egoera honetan ere.

[Informazio gehiago: baldintzak | iazko lanak | laburmetraia bidali]

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!