Euskaltzaleen mugimendua indartzeko taupada berri bat

Erabiltzailearen aurpegia Taupa Mugimendua 2024ko abe. 14a, 23:00

Hasiera berri bat irudikatu dugu Bilboko Kafe Antzokian: aurrerantzean ‘Taupa, euskaltzaleen mugimendua’ izango gara, eta Euskal Herri osoko euskaltzaleak saretuko ditugu.

Hasiera berri bat irudikatu dugu gaur goizean Bilboko Kafe Antzokian: aurrerantzean ‘Taupa, euskaltzaleen mugimendua’ izango gara, eta Euskal Herri osoko euskaltzaleak saretuko ditugu. Izena ez ezik, izana ere aldatzera goaz, beraz. Eraldaketa sozial sakon bat eragin nahi dugu, eta aldaketa norberarengandik hasten dela jakitun, garena eta egiten duguna ezbaian jartzera, eta aurrerantzean izan eta egin nahi duguna berrasmatzera ausartu gara. Gauzak aldatzeko sortu ginen, eta gauzak aldatzera goazelako, eragin nahi dugun tamainako eraldaketa gorpuztea dagokigu.

Euskal Herri osoko euskaltzalez osatutako mugimendu zabal bat irudikatu dugu, euskara elkarteen bazkideetatik hasi, eta harago iristeko gai izango dena. Euskara elkarteak izan dira eta izango dira mugimenduaren muina, baina aurrerantzean, elkarteetan antolatuta egon gabe ere, euskararen alde ekarpena egin nahi duten herritarrek euskaltzaleen mugimendura batzeko aukera izango dute, eta elkarterik ez dagoen herri eta eskualdeetan bizi diren euskaltzaleek nazio mailako mugimenduarekin harreman zuzena izango dute. Beraz, euskara elkarteen topagune izatetik euskaltzaleen mugimendu izatera igaro gara, eta herri batzuetan jardutetik Euskal Herri osoan antolatzera.

Herri proiektu ilusionagarri bat

Asko dira antolatuta egon edo ez, nork bere erara, ekarpena egiten diotenak euskarari eta hiztun komunitateari. Honaino iritsi bagara, milaka euskaltzaleren kemenari eta bizinahiari esker izan da. Zer gertatuko litzateke euskaltzale horiek guztiak saretuta egongo balira? Elkarren berri izango balute? Elkarrekin ahalduntzeko eta aktibatzeko modu berriak izango balituzte? Eta zer gertatuko litzateke, gainera, herri proiektu ilusionagarri baten eragile izan daitezkeela sentituko balute?

Seguraski, euskarak eta herri honek behar duten mugimendua izango genuke. Izan ere, gurea herri proiektu eraldatzaile bat da, komunitate anitz, berdinzale eta justuago baten alde egiten duena, eta bestelako mugimendu sozial eraldatzaileen intersekzioan kokatzen dena. Sinestuta gaude komunitategintza dela euskararen aldeko konplizitateak orain arte baino esparru gehiagotara zabaltzeko gakoetako bat, eta norabide horretan sakondu nahi dugu. Gurean, ez baita prozesu eraldatzailerik izango euskararik gabe, eta euskarak ez du etorkizunik izango eraldaketa sozialik gabe.

Euskarak eta herri honek jauzi bat behar dute. Aurreko belaunaldien lorpen nagusia euskararen ezagutza hedatzea izan bazen, egun euskararen alde gabiltzanon erronka erabilera biderkatzeko baldintzak sortzea da, Eneko Gorri kideak esan bezala, datorrena ‘erabileraren aroa’ izan dadin. Horretarako, euskararen auziak agenda publikoan lehentasuna lortu beharko du, adostasun sozial, politiko eta instituzional berriak josi beharko dira, eta orain artekoak baino anbiziotsuagoak izango diren neurriak hartu. Eta horrekin batera, euskaltzale aktibista gehiago beharko ditugu, korrontearen kontra ere, euskaraz bizitzeko hautua egingo dutenak, eta eraldaketa gorpuztuko dutenak.

Euskarak mugimendua behar du, eta gu mugitzera goaz.
Topagunea ginen, eta orain, zurekin mugimendua gara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!