Covid-19 pandemiak kaltetutako autonomo eta ETEei laguntzeko 'Berrekin Tolosaldea' zerbitzua jarriko du martxan Tolosaldea Garatzenek, datozen asteotan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapenerako Departamentuaren babesarekin.
Programaren lehen urratsa eskualdeko enpresen etorkizunaren inguruko hausnarketa partekatua bultzatzea izango da, hortik abiatuta enpresen beharrak identifikatzeko.
Horrela, osasun krisiak enpresa-sarean nola eragin duen aztertuko da negozioz negozio. Tolosaldea Garatzeneko Enpresa, Turismo eta Ekintzailetza Sailetako teknikariek bisitak egingo dituzte interesa agertzen duten enpresetara, eta banakako elkarrizketak egingo dituzte, bakoitzaren egoera gertutik ezagutu ahal izateko.
Elkarrizketen helburua enpresen egoeraren inguruko diagnosia egitea izango da. Funtsezkoak diren jarduerak identifikatu eta epe laburreko erronkei buruzko hausnarketa egingo da.
Azterketa eta ondorengo hausnarketa partekatua amaituta, epe luzeko posizionamendua finkatzeko hausnarketa sustatuko da, eta horretarako, epe motzera jarri beharreko helburu eta horiek lortzeko ekintzak zehazten lagunduko da.
Lan-plan hori ezartzeko eskura dituzten dirulaguntza eta programen inguruko informazioa eta orientazioa emango da, azkenik. Modu horretara, enpresa bakoitzaren beharretara egokitutako finantziazio iturriak eta formazio aukerak identifikatzen lagunduko dute Tolosaldea Garatzeneko teknikariek.
Banakako bisita eta aholkularitza
Tolosaldea Garatzeneko teknikariek datozen asteotan abiatuko dute banakako bisita eta elkarrizketa erronda, enpresaz enpresa. Bisita jasotzeko interesa izanez gero, tolosaldea.eus-en jarri den formularioan datuak utzi, eta teknikariak jarriko dira harremanetan. Bestelako zalantzetarako, tolosaldea@tolosaldea.eus helbidera idatzi edo 943 654 501 telefonora deitzeko aukera dago.