Azaroaren 22an, Euskal Zine Bileraren jaialdian Aitor Arregi eta Izibene Oñederrak online bidez iragarri zituzten XVI. Kameratoiko irabazleak Ugaitz Alegriak gidatutako gala birtualean.
Guztira 26 film labur aurkeztu baziren ere hiru lan izan ziren sarituak. Lehenengo saria Bermeoko Spookypheria Productions taldearen 'Agur' film laburrarentzat izan zen. Fantasia eta beldurra uztartzen dituen generoa erabiliz hilketa misteriotsu bat aurkeztu zuten.
Emeki Films taldeak aurten ere bigarren postua lortu du 'Tentuz' izeneko laburmetraiarekin. Urte honetan maitasunezko istorio bat aurkeztu digute denboraren mugetatik haratago doana.
Epaimahaikideen esanetan biak “laburmetraietan ezarri beharreko baliabideak zentroan jarri dituzte eta hortik tiraka istorio on bi sortu dituzte modu oso sinplean eta zainduan”.
Urtero bezala, publikoak lan hoberena bozkatzeko aukera izan zuen eta lau egunetan laburmetraiak baloratzeko epea zabalik egon zen Euskal Zine Bileraren webgunean. Bozka gehien lortu zuen lana ND3 taldearen 'Plastikozko Haginak' izan zen.
Itxaso Paia Euskaltzaleen Topagunetik eta Ibon Noya Lekeitioko Kultura Saileko teknikariak nabarmendu dute urte honetan online egiteak aurreko urteetako marka guztiak haustea ekarri duela eta argi geratu dela euskal sortzaileen harrobia oso indartsu datorrela.
Lan onena DemaSA eta Laburbira zirkuitura
Spookypheria Productions taldearen 'Agur' lanak 1.000 euro irabazteaz gain, Durangoko Azokaren barruan Irudienea plazan ospatzen den DemaSA lehiaketaren hirugarren ediziora pasatuko da zuzenean. Kameratoia moduko beste ikus-entzunezko lehiaketetan irabazleak izan diren laburmetraiak elkarren artean norgehiagoka arituko dira. Lehiaketa horretatik irabazleen irabazlea aterako da.
Horretaz gain, Euskaltzaleen Topaguneak urtero antolatzen duen Laburbira zirkuituaren barruan sartuko da 'Agur' laburmetraia. Zirkuitu horrek urtean sarituak izan diren laburmetraiak Euskal Herriko eta kanpoko zenbait aretotan emanaldiak antolatzen ditu.
XVI. Kameratoiko sari banaketa ekitaldia osorik jarraian: