COVID-19aren pandemiak kaltetutako sektoreen artean aisialdi sektorea dagoela azpimarratu dute Topaguneko arduradunek eta horrek haur eta gazteen hizkuntza gaitasun eta erabilerari asko eragin diola azken urtean. Horregatik, herriz herri euskarazko eskaintza antolatzen duten elkarteek egoera zailari batera erantzutea erabaki dute eta horretarako sektorea egituratzeko prozesua abian jarri dute.
Otsaila eta martxoa artean egindako gogoeta prozesuan erabaki zuten elkarteek prozesua abian jartzea. Bertan azken urtean aisialdiko eskaintza antolatzeko egon diren zailtasunak agerian jarri ziren eta hurrengo hilabeteetan euskarazko aisialdia berreskuratzea funtsezkoa izango dela azpimarratu zen. Pandemia garaian haurrek euskararekin lotuta izan dituzten hainbat eremutan (eskolan, aisialdian, lagunartean,…) aritzeko izandako zailtasunek atzerapauso handiak ekarri dizkiete euskararen ezagutza eta erabileran. Eragina haur eta gazte guztiek jasan duten arren, bereziki eragin du etxeko hizkuntzen artean euskara ez duten gaztetxoengan. Horrek nabarmendu du aisialdiak eta eskolaz kanpoko eremu ez-formalek hizkuntzaren normalizazioan duten garrantzia.
Euskaltzaleen Topaguneak 2021eko lan ardatz nagusien artean kokatu du herriz-herriko aisialdi dinamiken egituratzea gaur egindako Batzar Nagusian.
Bazkide berriak
Sarean egin du 2021 urteko Ohiko Batzar Nagusia Euskaltzaleen Topaguneak. Euskal Herri osoko hamarnaka elkarteetako ordezkariak bildu dira Batzarrera eta 2020ko jarduera onartzeaz gain 2021eko lan-ildo nagusiak aho batez onartu dituzte.
Hiru elkarte berri batu dira Euskaltzaleen Topagunera, era berean: Euskarabentura elkartea eta Laudioko Kirikiño aisialdi taldea zein Sorginlarren elkartea.
Gizarte aktibazioa eta sektore kaltetuenetan eragitea
2020 urtean gizarte osoak pandemiaren eragina jasan duela azpimarratu dute Topagunearen ordezkariek batzarrean. Euskara elkarteen jarduerak ere kolpatuak izan direla gogora ekarri da eta urte korapilatsua izan dela hainbat jarduera egin ezinik geratu direlako eta beste asko zeharo moldatu behar izan direlako. Horien artean bereziki azpimarratu dira kultur sektorea eta lehen esan bezala, aisialdikoa. Baina hala ere, Topaguneak jarduerari ahalik eta neurri handienean eutsi diola azaldu dute erakundeko arduradunek eta azaroaren 20tik abenduaren 4ra egindako Euskaraldiaren bigarren edizioa jarri da horren adibide modura.
Hurrengo hilabeteetarako, kaltetuen izan diren sektoreetan jauzi berriak egiteko plana martxan jartzea erabaki da Topagunearen Batzar Nagusian. Kultur jarduera izan da azpimarratu den arloetako bat, sektore guztiz kolpatua izanik, jarduera lehenbailehen berreskuratu eta egoera berrira egokitzeko neurriak onartu dira.
Azkenik, euskaltzale aktiboak saretu eta euskararen aldeko gizarte aktibazioa areagotzeko lan ardatzean sakontzea erabaki dute gaurko batzarrean euskaltzaleen elkarteek. Hurrengo hilabeteetan 25 urte beteko dituen Euskaltzaleen Topaguneak euskararen erabileran eragingo duen herri proiektu ilusionagarri bat eraikitzeko helburuari eutsiko dio, pandemiak sortutako egoerari egokituz.