Nola iritsi gara honaino?

Erabiltzailearen aurpegia Unai Arberas 2021ko mar. 12a, 09:30

Nola iritsi gara puntu honetara? Urte luzez borroka gogorra izan da. Euskara debekatuta zegoen garaian. Jendeak izugarrizko lana egin zuen debekatua zegoen garaian, euskara hizkuntza bezala ez galtzeko. 2021. urtera iritsi gara, inoiz baino errekurtso gehiago, inoiz baino “hiztun” (jakitun?) gehiago, inoiz baino informazio gehiago eta zer nolako sentsazioa daukadan? Inoiz baino gutxiago egiten dela.

Jakinik gaur egun dagoen euskara hiztun edo jakitun kopurua, hezkuntza langile eta hiritar bezala atsekabetuta nago. Gazteen artean ez da ohikoa euskaraz egitea, nahiz eta denek izan komunikatzeko gaitasuna, hala diote. Are gutxiago, euskal hiztunen bat ez badago taldean.

Eskola mailan, hainbat urtetan esperientzia bildu ondoren, Euskara toki gehienetan, irakasgai bilakatu da. “Gaurkoan, euskara eta matematika jorratuko ditugu”. Eskerrak eskolan bakarrik den. Euskaraz egiteko, metodo komuna bilakatu da, egiten duenari saritzea, txalotzekoa balitz bezala. Ez daukat oso argi horrek zer transmititzen duen. Ez dakit estrategia oso egokia den.

Metodologia hizpide zela, polemika piztu zen orain dela gutxi. Norekin eta futbol jokalari batekin, nola ez? Noiz bilakatu da euskara “estrategia” hutsa? Nolatan utzi dugu euskara puntu horretaraino iristen? Hain gutxirekin ohitu gara, poztu eta dena egin behar garela dirudiela. Euskarari falta zitzaion azken mespretxua. Telebista-programa batean euskara erasotua izan den arte, orduan defendatzen dugu, orduan aldarrikatzen dugu. Polemika ahazten denean, betiko martxan. Hurrengoa etorri arte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!