Oso argumentu klasikoa da gaur egun, batez ere, internet munduan. Erlazioa duten, edo ez duten bi gauza erlazionatzen ditugu. Korrelazio horrek kausalitatea dakar, edo ez? Batek daki. Baina ba al du argumentu horrek oinarririk? Ez izan zalantzarik, estatistikari buruzko oinarrizko ezagutzak dituen edonork konfirma diezazuke. Oso klasikoa den adibide bat dator jarraian.
Adibide ohikoena berotze globalarena eta piratena da. Hau, Bobby Henderson, Pastafari elizaren sortzaileak egindako ikerketa batean oinarritzen da. Horrek, kreazionismoaren argudioei aurre egitea zuen xede, horiek korrelazioak aurkitzeko ohitura handia baitzuten. Kasualitatez, beti kausa berbera erabiltzen zuten, Jainkoa. Aldi berean bi fenomeno egoteak ez du esan nahi batek besteari eragiten dionik. Gizon horrek, munduko pirata kopuruaren arabera irudikatu zuen lurraren tenperatura globala.
Esandako guztia gurera ekarrita, ia lau urte daramatzagu Andoainen alkatetza berberarekin. Baina azkenaldian, Andoainen gauza ugari egiten ari direnaren sentsazioa dut, inoiz baino gehiago, edo behintzat, orain arte, burutu gabekoak egiten. Hauteskunde eguna gerturatzeak, egiten ari diren lanarekin korrelazio zuzena ote?
Korrelazioak ez dakar kausalitaterik, hori diote, edo batzuetan bai?