Korrika 2022

Korrika batzordea deitu du Urnietako AEK-k

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2022ko urt. 18a, 09:07

Datorren ostegunean, hilak 20, Korrika batzordea izango da herrian, AEKren eskutik. Lekaio kultur etxean egingo da bilera, arratsaldeko 19:00etan.

Korrikan parte hartzeko moduak askotarikoak dira. Eta, parte hartzeko asmotan bazabiltza, gurekin bat egin dezazun eskatzera gatozkizu, Urnietan egingo dugun KORRIKA batzordearen lehen deialdira etorrita.

Bertan 22.KORRIKAren nondik norakoak, eta Urnietan egingo direnak ezagutzeko aukera izango duzu, eta, horrela, nahi izanez gero, herrirako bestelako ekitaldiak proposatzekoa ere bai.

Horrez gain, herrian egin beharreko lanak zerrendatu eta banatuko ditugu. Konpromisorik gabe etor zaitezen eskatu nahi dizugu. Bertan entzundakoaren arabera erabakiko duzu, gero, zeure ekarpena zein izan daitekeen; eta, inolako aukerarik izango ez bazenu ere, KORRIKA geure herrian izango dela ezagut eta zabal dezazun da gure nahia.

Ahalegin horretan zeure laguntza estimagarria izango dugulakoan,

EKIN KORRIKARI!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!