Horren guztiaren aurrean, herriak ondo erantzun du. Datuei erreparatuta, ia 90 lagunek hartu dute parte Zilegi Astean eta, beraz, garrantzitsua izan da euskararen erabilera sustatzeko, elkarreraginean aritzeko, eta, aldi berean, Urnietako aisialdi eta kultur eskaintza indartzeko. Horrek guztiak indarra ematen digu, aurrerantzean ere, herriko jendearekin elkarlanean jarraitzeko.
Aurrera begira, hitzordu berriak etorriko dira, hilean behin, saioa izaten baitugu Zilegi Eskola medio. Oraingoz, ekainean izango da azken saioa, eta, era berean, ikasturteari amaiera emateko, ekitaldiren bat ere izango da.
Udako atsedenaldiaren ondoren, urrian berriz ere bueltan izango da Zilegi Eskola, baina, bien bitartean, bestelako hainbat kontu ere izango dira herrian, euskaltzaleak batzeko eta, euskara bultzatzeko.
Eskerrik asko, beraz, parte hartu duzuen guztiei, nola gai-emaile, hala hizlari, zein herritar eta baita Urnietako Udalari ere, haren laguntzarik gabe ezingo baikenuke halako ekimenik antolatu. Jarrai dezagun Urnieta euskalduntzen!