Bidelagun bila, Mintzalagun talderako

Erabiltzailearen aurpegia Urnietako_AEK 2023ko aza. 10a, 11:32

Mintzalagun ekimenerako bidelaguna bila dabil herriko AEK eta oraindik irekita dago Hikalagun taldean sartzeko aukera.

Euskararen alde zure hondar alea jarri nahi duzu? Euskaraz praktikatu nahi dutenei lagundu nahi diezu? Urtean 10 ordu euskarari eskaintzeko prest zaude?  Hala bada, mintzalagun taldea aukera aproposa da horretarako. Izan ere, euskara praktikatzeko elkartzen diren lagun talde batek bidelaguna behar du: euskaraz erraz moldatzen den herritarra, gainerakoei elkarrizketan laguntzeko. Ez da euskaran aditua izan behar, ez da euskara titulurik eduki behar. Astean ordubete libre izatea nahikoa da. Parte hartuz gero, lagunak egiteaz gain, sariak eta deskontuak jasotzeko aukera ere izango duzu.

Asteazkenetan, 19:00etatik 20:00etara elkartzea da asmoa. Elkargunea taberna bat izan daiteke edo Elkarteen Etxea, bestela. Urratsa ematera animatuz gero, urnieta@aek.eus helbidera idatzi edo 662338747 telefonora dei dezakezu.

Hitanoa praktikatzeko aukera

Bestalde, hitanoa praktikatu nahi duten herritarrek aukera dute Hikalagun taldean parte hartzeko. Ostegunetan, arratsaldeko 17:00etatik 18:00etara,  Guria tabernan elkartzen da talde bat eta tertulian aritzen dira, hitanoa landuz. Bertan parte hartzea doakoa da eta herritar guztiek dute aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!