Arratsalde batez kazetari

Erabiltzailearen aurpegia Urnietako_AEK 2025eko urriaren 31

“Kazetaritzan lehen pausoak” Zilegi saioa izan genuen joan den asteartean Lekaion. Bertan ikasi eta ikusiak jaso dituzte AEKko ikasleek kronika honetan.

Joan den asteartean, urriaren 28an, Alba Cabrerak kazetaritzaren inguruko hitzaldi bat eman zuen Lekaion, arratsaldeko 17:30ean. Hogei bat lagun elkartu ginen kultur etxean, ikasturteko lehen Zilegi saioan, eta denon arreta erakarri zuen kazetariak prestatutako aurkezpenak.

Hitzaldiaren lehen zatian, bere ogibideaz aritu zen Alba. Argi utzi zuen kazetariaren baliabide garrantzitsuena hitza dela. Hau da, idatzizko zein ahozko hizkuntza ondo menderatu behar dituela kazetariak. Hitzaz gain, baina, informazioa ere behar du, eta hori lortzeko lotsa ez da lagun ona.

Kazetariak “aurpegia” behar du ateak ezker-eskuin jo eta informazioa lortzeko. Konparazio bitxi bat egin zuen: kazetariak bertsolariaren antz handia duela esan zuen. Denetik dakite biek, baina pixka bat. Horregatik, ezer idatzi baino lehen, maiz jo behar izaten dute liburu edota bestelako iturrietara. Lehen zatiaren amaieran, kazetaritza estiloaz aritu zen; izan ere, ofizioak badu idazkera propioa: argia, zehatza eta xumea izan behar du.

Behin kazetaritzaren oinarriak azalduta, guri eman zigun hitza. Taldetan jarrita, kazetari lanetan jarri gintuen, eta herriko zenbait pertsona elkarrizketatzeko ariketa egin genuen. “Zer galdetuko zeniokete herriko harakinari?”, “Eta Xoxokako azken irakaslearen alabari?”. Albak hainbat aholku eman zizkigun, baina ez zuen boligrafo gorririk erabili behar izan testuak zuzentzeko. Hori erredakzioan soilik egiten dute elkarri testuak zuzentzen dizkiotenean, inprentan erratarik azal ez dadin.

Aurkezpenaren bigarren partean, euskarazko hedabideak izan zituen hizpide. Prentsa idatzian, “Argia”, “Berria” eta, bereziki, gertutik ezagutzen duen “Aiurri” aipatu zituen, besteak beste; entzunezkoetan, “Euskadi irratia”, “Naiz irratia” eta “Guau” plataforma azpimarratu zituen; eta ikus-entzunezkoetan, Hamaika telebista eta Etb1. Arreta berezia eman zigun Eitb-k sortu berri duen “Guau” plataformak, oso tresna baliagarria iruditu zitzaigun euskara garatzeko. Gainera, ”Aiurri” irakurri ez ezik entzun ere egin daitekeela jakin genuen. Baita katalanera edota galegora itzuli ere, klik bakar batekin.

Laburbilduz, arratsalde atsegina izan zen, Albaren laguntzarekin asko ikasi genuen, eta kazetaritzaren mundura gerturatzeko balio izan zigun.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!