Gure Mintzodromoaren hasieran, AEKko hiru talde nahastu ginen eta jolasak egin genituen, jendea gehiago ezagutzeko. Ondoren, denak lau taldetan banatu ginen eta talde bakoitza txoko batera joan zen. Lehenengo txokoan “Silaba beroa”-n jolastu ginen. Hiztegia lantzeko jokoa da, batzuentzat super zaila izan zen, imajinazio asko behar genuelako. Bigarrengo txokoan, kulturaz hitz egin behar genuen; horretarako, kartel bat zegoen galderekin eta gure artean azaldu behar genuen. Hirugarrengo txokoan, asmakizunetan jolastu ginen, hau da, pista batzuekin asmakizuna atera behar genuen. Azkeneko txokoan, lau bertso eta lau bertsolari genituen eta bertso bakoitza bere egilearekin lotu behar genuen.
Gure ustez, mintzodromoa oso baliagarria da euskara ikasteko. Gainera, jende berria ezagutu dugu eta euskara desberdinekin belarria prestatzen dugu (aizue, Azpeitiko euskara ulertzea ez da erraza!). Kontuan izan behar da, euskara ikasteko garaian, ez dela erraza lotsa ematen duelako akatsak egitea. Giro lasaia eta atsegina badago, mintzodromoan bezala, jendea gehiago animatzen da. Bestalde, hitz egiteaz aparte, jakintza berriak edo euskal kultura ezagutzen dugu. Beraz, euskaldunak hobeto ulertzeko balio du.
Ikusten duzuenez, euskaltegian gauza ezberdinak eta dibertigarriak egiten ditugu. Animatzen zaituztegu datorren ekintzara etortzera, edonor etor daiteke. Azaroaren 27an, goizeko 10:00etan, Judit Aldai izango dugu "Mugimenduaren jolasa" saioan. Euskaran azento berriak behar ditugu. Animatu!
Urnietako AEKko B2 taldea