Mugimenduaren bidez, hartu eta eman

Erabiltzailearen aurpegia Urnietako_AEK 2025eko abenduaren 4a

Pasa den ostegunean, azaroaren 27an, Urnietako kiroldegian elkartu ginen AEKko ikasle eta irakasleak. Bertan, “Mugimenduaren jolasa” izeneko Zilegi saioan parte hartu genuen. Ia bi orduko saioa izan zen; 10:00etan hasi eta 11:30ean amaitu zen. Judit Alday eta Ane Marin fisioterapeutak izan ziren gai-emaileak.

30 pertsona inguru elkartu ginen tatami gelan, askotariko adin, euskara maila eta jatorritakoak. Ikasleok elkar ezagutzeko aukera izan genuen; ahots ezezagunak entzun genituen. Oinutsik geundela, geure burua aurkeztu genuen: Juditek izena eta bizilekua galdetu zizkigun. Horrela, mintzamena lantzeko aukera ere eduki genuen. Esan beharra dago askorentzat, batez ere hasiberrientzat, erronka handia izan zela gai-emaileen azalpenak ulertzea.

Hasieran, adituek gure lesioei eta kirol ohiturei buruz galdetu ziguten; horrela, ariketak parte-hartzaile ororen beharretara egokitzeko. Lehenik eta behin, korea aktibatzeko, lurrean etzanda jarri, eta arnasketa-ariketak egin genituen: teniseko pilota sabelean jarri, eta arnasa hartu eta bota ahala pilota mugitzen zela antzeman genuen. Horrez gain, teniseko pilota oreka-ariketak egiteko ere erabili genuen: hanka baten gainean jarrita, pilota gora eta behera bota genuen, esku batetik bestera pasa, hormara jaurti eta abar. Ondoren, binaka ez ezik, taldeka ere koordinazio-ariketak egin genituen: pilota elkarri pasa genion modu askotan, norabidea aldatu genuen... Azkenik, luzaketak egin genituen giharretako mina saihesteko.

Aipatzekoa da espazioaren egokitasuna; nahi adina toki genuen. Pribilegio handia izan zen horrelako bi adituk zuzendutako saioa jasotzea, eta gure esker ona adierazi nahi genieke egindako lanagatik eta laguntzeko erakutsitako prestutasunagatik.

Ikusten duzuenez, euskaltegian osasun fisikoa ere lantzen dugu. Judit eta Aneren laguntzaz denon artean giro polita eta atsegina sortu genuen, euskaratik eta euskaraz.

Bukatzeko, datorren Zilegi saioan parte hartzera animatu nahi zaituztegu: abenduaren 18an izango da, arratsaldez, eta rol-jokoak izango ditu hizpide Nahiko innsmouthtarrak.

Urnietako AEKko ikasleak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!