Eneritz Arozena Lujanbio, Urnietako AEKko ikaslea
Borobilean eserita geundela, mitologiako pertsonaien inguruko pasarteak kontatzen hasi zen Izaro, eta gu saiatu ginen asmatzen istorio bakoitza zer pertsonaiari zegokion: Mari, Tartalo, Galtzagorriak, Lamiak, Basajaun, Akerbeltz… talde bakoitzak bere apustua egin zuen, izenen gainean makilak kokatuta. Hauek dira pertsonaiekin kontatutako pasarte batzuk. Asmatuko zenukete nori buruzkoak diren?
“Baionan merkatua zegoen; bertan, gazta, ogia, txorizoa eta beste hainbat elikagai saltzen ziren, baina baziren beste gizaki txiki batzuk ere salgai. Hirunaka erosi behar ziren, eta etxeko lanekin laguntzen zuten, edozer konpontzeko gai baitziren. Izaki hauek esklaboak ziren, baina hainbat pertsonak merkatutik ihes egiten laguntzen zieten, aske izateko. Esaten denez, San Juan gauean pospolo kaxa bat irekita utzi behar da, eta hurrengo egunean, begiak tapatuta itxi behar da kaxa; izan ere, hiru izaki egongo dira bertan. Pospolo bat piztu behar duzunean ere, begiak itxita egin behar da; bestela, izakitxo horiek ihes egingo dute, eta ez dira zure esku egongo, ezta esaten diezuna egingo ere.” Badakizue nor diren? Galtzagorriak dira.
“Etxe bateko tximiniaren azpian koipea jarriz gero, gaua iritsitakoan tximiniatik behera joaten ziren izaki hauek, koipea miazkatzera eta bertakoen eskakizunak betetzera. Gai ziren gau batean harrizko zubiak eraikitzeko; gizenak, sendoak eta indartsuak ziren”. Harritu egingo zaituzte jakiteak lamiez ari garela. Ez ziren lirainak, ez zuten ahots finik, ez zuten abesten eta hipnotizatzen beren ahotsarekin. Azala kobrezkoa zuten. Gizenak ziren, nokaz hitz egiten zuten eta elkarri potola deitzen zioten.
Borobilean geundela, euskal mitologiako beste pertsonaia bat agertu zen. Aspaldikoa da, baina ez da haren inguruan asko hitz egin. Zetak taldeari esker egin da ezagun azkenaldian:
Aralarko Dama. Euskal mitologiako zenbait istorioren arabera, Aralar mendilerroan agertu ohi den Mari jainkosaren pertsonifikazioa da. Kondairak hau dio: “Amezketan gertatu zen pasartea. Zubin izeneko baserriaren inguruko basoan Azari-zulo izeneko leizea kokatzen zen, Aralarko Damak atseden hartzeko lekutzat erabiltzen zuena. Antzina, alaba txarra izandako bat bizi omen zen, eta beregain amaren madarikazioa erori zen: ‘Deabruek eramango al haute!’. Berehala, su eta garretan kiskalita, amaren begi aurrean desagertu zen. Txandaka Aralar, Aizkorri eta Murumendiko leizeetan bizi omen da. Mendi batetik bestera doan gauetan, trumoi-soinu ikaragarriak entzuten dira. Egun batean, bi gizon indartsu joan ziren Damaren kobara, bertan bizi zen jakiteko asmoz.
Hantxe topatu zuten, urrezko bi kandelen aurrean ile luzea orrazten. Bi gizonen presentziaz ohartzean, leize zuloaren sakonean ezkutatu omen zen, kandelak bertan utziz. Gizonek, kandelak hartu eta kontu handiz gorde zituzten, etxera eraman ahal izateko. Baina etxera iritsitakoan, kandelak apo bihurtu ziren.”
Pasarteak kontatu ostean, Izarok ukendu batzuk ekarri zituen, eta eskumuturrean jarri genuen berbenaz egindakoa. Ukendu horrek zauriak eta erredurak sendatzen laguntzen du. Lurrean eseri edo etzan ginen, begiak itxita. Imajinazioa erabili behar izan genuen bidaiatzeko: bat-batean, hegan asi ginen sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik, eta saioan zehar aipatutako pertsonaiak agertu ziren gure artean. Leize batera iritsi ginen, eta bertan inporta zaigun pertsona bat zegoen gure zain. Besarkada bat eman genion elkarri, eta berriro errealitatera itzuli ginen.
Oso ondo pasatu genuen, baita gauza asko ikasi ere euskal mitologiaren inguruan. Nahi duenak Lamiak lirainak direla sinesten jarrai dezake, eta beraien ahotsaren bitartez hipnotizatzen dituztela gizon-emakumeak. Beste batzuek, agian, sinetsiko dute Lamiak indartsuak zirela eta kobrezko azala zutela. Baina mitoak mito dira, kontuan hartu behar da garaiko testigantza asko torturapean hartu zituztela, eta ez zekitela zer kontatzen ari ziren. Argi dago euskal mitologia gure kultura dela, eta kontatzen diren horiek historiak/istorioak direla. Ez dakigu benetan gertatutakoak diren ala ez. Baina ikus daiteke patroi bat jarraitzen dutela, eta ez dela kasualitatea pasarteetan urrezko orraziez hitz egitea.
Sinetsi zein ez, jarrai dezagun euskal mitologiaz disfrutatzen.