30 bat lagun bildu ziren Plazido Muxika plazan: ikasle, herritar zein mintzalagun. Zoria eta gustu gastronomikoa izan ziren taldeak osatzeko osagaiak eta, behin taldekatuta, txapelketa hasi zen. Gonbidatu izarra ere bertan zen, Jean Marie Garratz Gozo-Mikatz sukaldaria, hain zuzen; hainbat aholku eta irizpide eman zizkien parte hartzaileei eta gogorarazi zien zein zen arratsaldeko osagai nagusia: euskara.
Ordubete geroago, talde guztiek aurkeztu zuten haien pintxoa, izen eta guzti:”Sumendia”, "Hiru ixa", “Gure adarra”, “Urnietako Iparrorratza”, “Belar meta” eta “Txalupa”. Puntuazioak jakiteko garaia zen, eta Jean Mariek aliatu bat aurkitu zuen ikasleen artean (sukaldaria hura ere). Elkarrekin mahaiz mahai ibili ziren, zentzumenak zoli. 13 punturekin (15 puntu posibletik), “Belar meta” pintxoak irabazi zuen: Errigorako orburuarekin batera, ogi txigortuaren gainean jarri zituzten antxoa, arrautza egosi birrindua eta arbendola txikitua. Hala ere, pintxo guztiak izan ziren listu guruinak martxan jartzeko modukoak bezain ikusgarriak, eta argi utzi zuten jakituria gastronomiko handia dagoela Urnietan. Baita jatun onak badaudela ere.
Arratsalde bikaina izan zen. Memorian iltzatuta geratzen den horietakoa. Gehiagorako gogoa uzten dizuten horietakoa. Bukatzeak pena eragiten dizuten horietakoa. Eta sentsazio hori ona edo txarra den baloratu gabe, albiste on bat badago: datorren ikasturtean halako gehiago izango dira.