Gipuzkoako minbiziaren aurkako elkartearen erronka

Erabiltzailearen aurpegia AECC 2019ko mar. 21a, 18:02

AECC Gipuzkoako Minbiziaren aurkako Elkarteak 2019rako Gipuzkoako gizarteari erronka bota dio: ikerketa onkologikoko proiektu baterako funtsak biltzen laguntzera animatzen du.

Kanpaina horren bidez, AECC Gipuzkoak 160.000 euro lortu nahi ditu bularreko minbiziaren inguruko proiektu
batean inbertitzeko, zehazki, zelula gaiztoak deuseztatzeko gaitasuna duten sistema immunearen zelulak sustatzen dituen terapia batean.

Ikerketa horren liderra Ignacio Melero doktorea da, Clínica Universidad de Navarrako (CUN) Immunologia Zerbitzuko zuzendarikide eta Cimako senior ikertzailea. Ikerketa 2015ean hasi zen eta 2020an amaituko dela aurrez ikusi dute. Immunoterapiaren funtzionamendua guztiz ulertu nahi da aukera terapeutiko gisa ezarri aurretik. Hori dela eta, asmoa da immunoterapiaren erabilerak sakonago ezagutzea, tumoreen aurkako ohiko tratamenduen erabilera eta norbere sistema immunearen aktibazioa konbinatuko dituen entsegu kliniko eraginkorrak eta fidagarriak ezartzeko.

Hain zuzen ere, proiektuak etorkizun hurbilean eta esperimentazio fasearen barruan, Onkologikoarekin lankidetzan aritzea aurrez ikusi du Gipuzkoako paziente kopuru jakin batekin entsegu klinikoak egiteko.

Ikerketaren zati bat finantzatzeko funtsak lortzen lagundu nahi duten guztiek zenbait modu dute hori egiteko. Lehenik eta behin, norbanako gisa dohaintzak egin ditzakete, kopuru minimorik eta maximorik gabeko ekarpenak www. retoaeccgipuzkoa.com webgunearen bidez, banku bidezko transferentzia edo Gipuzkoan dauden sei egoitza edozeinetan. Badira erronkari laguntzeko beste aukera batzuk ere: herentzien bidezko
dohaintzak, sare sozialen bidez erronka zabaltzea edo ezkontza-oparietarako aurrez ikusitako dirua helburu
solidario honetarako bideratzea.

Bigarrenik, lurraldeko elkarte, kirol-klub edo erakundeek dohaintzan eman ditzakete urtean zehar antolatzen dituzten ekitaldietako irabaziak: bazkari solidarioak, kirolprobak, ikuskizunak edo bestelako herri-gertakariak.

Azkenik, enpresek ere parte hartu ahal izango dute: erantzukizun sozial korporatiboko programen testuinguruan dohaintzak egin ditzakete erronka honetako.

AECC Gipuzkoa, 2018ko balantzea
Elkarteak 30 urte baino gehiago daramatza lurraldean lanean minbizia duten pertsonen eta haien familiartekoen bizimodua hobetzeko eta gaixotasunaren aurka borroka egiteko asmo irmoarekin. 12.000 bazkide inguru eta 900 boluntario baino gehiagorekin itxi zuen urtea. Eskaintzen dituen doako zerbitzuei dagokienez, iaz elkarteko psikoonkologoek 587 gaixo eta familiarteko artatu zituzten; aldiz, gizartelangileak
416 lagunekin egon dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!