AECC Gipuzkoa elkarteak doluan esperientzia handia duten psikologoen taldea du eta terapien doako zerbitzua eskaintzen dute elkarteak gure lurraldean dituen sei egoitza hauetako edozeinetan: Donostian, Irunen, Eibarren, Zarautzen, Zumarragan edo Zarautzen. Saioak banaka edo taldean egin daitezke, norberaren gorabehera bakoitza kontuan hartuta dauden tratamendu-beharrak aintzat hartuta.
Egoera hori pasatu behar dutenengan garai hauei aurre egiteko moduaren inguruko zalantza eta kezkak areagotzen diren garaiaren aurreko asteetan iritsiko da kanpaina. Nola lor dezakegu Eguberrietan mahaian harmonia ez haustea? Nola lor dezakegu tristura gainerako familiako kideei ez kutsatzea? Nola ibil gaitezke kalean, argi, Gabon-kanta, Eguberrietako zorion-mezu eta gainerakoen artean, gu penak barruan gordeta gabiltzanean? Horiek dira maite duten norbaiten galera jasaten dutenek beren buruei egiten dizkieten galderetako batzuk.
Gipuzkoako AECC Minbiziaren Aurkako Elkarteak doluarekin eta Gabonekin lotutako gai batzuk argitzen familientzat lagungarriak izan daitezkeen urrats batzuk proposatu ditu. Horiek guztiak aldez aurretik lan daitezke dolu zailak agertzea ekiditeko.
- Hobe da aurrea hartzea, familiako bilera bat deitzea hitz egiteko.
- Iniziatiba hartzea zenbait gaitan, adibidez, beste leku batean egitea otordua, menua aldatzea, opariak…
- Ez isolatzea. Elkartzea, partekatzea, elkar zaintzea.
- Norbaitek elkartu nahi ez badu edo oparietan parte hartu nahi ez badu, errespetatzea, baina lagun dezakegu beste aukera batzuk proposatuta. Zerbait berria sortzea.
- Ziurrenik mahaian denak ari dira pentsamendu eta min bera partekatzen. Adierazi egin dezakegu, zerbait sinbolikoarekin presente bihurtu, adibidez topa batekin edo kandela bat piztuta, edo denboran mugatutako ekintzekin. Elkarrekin hunkituko gara, behar izanez gero negar egingo dugu, baina norbaitek jaiki eta negar egiteko ezkutatu behar izatea saihestuko dugu. Umeak baldin badaude eta erreakzioa intentsua baldin bada, hobe da beste gelaren batera edo komunera joatea umeekin egon aurretik berriz itxuratu arte.
- Familiako ohiturak aldatzea zaila izan ohi da eta egonezina sortzen du. Bidaia bat planteatzen badugu kanpoan egoteko, aukera onena dela uste dugulako, min gutxien eragingo duena dela uste dugulako, aurtengo kontu puntual gisa planteatu. “Datorren urtean ikusiko dugu”.
- Tradizioa hauts dezakegu edo sentimenduak azaleratzen utzi erritualekin (esaterako, aulki huts bat jarrita mahaian).
Kanpainak minbiziaren ondorioz hil diren pertsonen senideei doako terapia psikologikoak eskainiko dizkie.
Kanpainak, era berean, ez ditu etxeko txikienak albo batera utzi nahi; izan ere, oso modu berezian bizi izaten dute familiako kide baten galera. “Haiek ere ezin dira utzi maite duen pertsona baten galeragatik familia batek sentitzen duen minetik kanpo. Mingarria eta zaila izan arren, bere garaian gertatutakoaren berri eman behar izan zitzaien moduan, data hauetan ere sentitzen dutena adieraztera bultzatu beharko genituzke. Umeak lehenengo helduari begiratzen dio eta helduak barneratu ahala, umeak ere barneratuko du”, adierazi du Leire Jauregi Gipuzkoako AECCko psikologoak.
Horregatik guztiagatik, haurrak ere partaide bihurtzea eta dolu-egoera hori lantzen lagunduko liekeen elementuren bat sortzea proposatzen du kanpainak: zuhaitzerako izar edo apaingarri bat diseinatzea, edo Eguberrietan zer egin nahiko luketen galdetzea adibidez. Hala, haien sentimenduak ere kontuan hartzen ditugula erakutsi eta haien sormenarekin, erritual berriak sor ditzazkegu.
Hitz gutxitan esanda, helburua da zerbaiten “ospakizuna” mina sentitzearekin bateraezina ez dela barneratzea. Nahiz eta gizarteak doluak denbora errekorrean gainditzea eskatzen digun, galera motaren, galera hori gertatu deneko gorabeheren edo bakoitzaren bizi-unearen arabera, norberak bere denbora behar duela ulertu behar dugu.