Galdera hau irakurri bezain laster emango genukeen bat-bateko erantzuna baiezko borobila izango litzateke baina, hausnartzeko tarte bat hartuko bagenu, baieztapen horrek hainbat punta dituela konturatuko ginateke: etorkinak euskara badela ohartzen al dira?, gure herri honetan euskara ikasteko beharrik sumatzen al dute?, euskara ikasi ahal izateko nora joan ba al dakite?, euskara ikasteko laguntza nahikorik ba al dute?
Gero eta etorkin gehiago ikusten ditugu kalean, trenean, eskoletan…, baina euskaltegietan ez ditugu asko ikusten euskara ikasten. Zergatik izango ote da? Askok eta askok ez dute kalean euskara ia entzun ere egiten eta, zoritxarrez, lanerako ere ez zaie eskatu ere egiten. Beraz, zer ikasi eta zertarako ikasi!
Hala ere, batzuk hurbiltzen dira euskara ikasteko informazioa eskatuz, seguruenik eskoletan euren seme-alabei laguntzeko gomendatzen dietelako. Beraz, etorkin horiek gure herri honetan beste hizkuntza bat dela sumatzen dute. Hala ere, ez dira gehiengoa.
Honela, euskaltegira hurbildu eta eskaintzen dugunaren inguruko informazioa eskatzen digute: zenbat denboran ikasiko dut?, zenbat egunetan etorri behar dut?, eta garrantzitsuena, zenbat ordaindu behar dut?
Orduan hasten da gure benetako lana, hau da, euskara ikastearen garrantziaz ohartaraztea, euskara ikastera animatzea. Hala ere, euskaltegira egunero etorri behar dutela jakinarazten diegunean aurpegia okertzen dute; baina nola etorriko dira ba egunero 2 orduz euskaltegira egunean 10-12 ordu lan egiten badute?
Baina, momenturik okerrena matrikula prezioa zenbatekoa den azaltzean iristen da.
Euskara ikasi ahal izateko 300€euro inguruko matrikula ordaindu behar izaten dute. Orduan, ia korrika ihes egiten digute euskaltegitik eta euskara ikasteko nahi edo asmo hura uxatu egiten dute; nahikoa dute 10-12 ordu lan egin, hemen bizi eta euren jaioterrian dituzten senideei laguntzen!
Hala ere, baten batek esan dezake baina, ez al dago euskara ikasteko dirulaguntzarik?
Bai, halaxe da. Baina, euskara ikasteko gutxienez urtebete lehenagotik erroldatuta egon behar dute gure herrian eta %80ko asistentzia izaten badute, ordaindutako matrikularen erdia itzultzen zaie ikasturtea amaitu ondoren. Etorkin asko lan kontuak direla-eta herri batetik bestera mugitzen dira eta zaila da urte betez herri batean erroldatuta egotea; bestetik, %80ko asistentzia betetzea askotan zaila da eta azkenik, gehienek ezin izaten dute 300€euroko matrikula ordaindu ikasturte hasieran.
Bestalde, HABEk berak etorkinentzako AISA ikastaroak onartzen ditu, hau da, 60 orduko moduluak euskarara gerturatu ahal izateko. Ikastaro hauek egin ahal izateko eskaera Udalak berak egin behar du eta taldean gutxienik 12 lagunek egon behar dute. Matrikula prezioa berriz, 10€eurokoa da. Baina, behin 60 orduko modulazio hori bukatzen dutenean zer egin dezakegu?, galdetzen digute. Orduan, gainerakoei eskaintzen diegun gauza bera eskaini behar izaten diegu, egunero 2 orduz etorri beharra eta 300 euro inguruko matrikula. Baina zer aldatu da etorkin hauentzat 60 ordu horietan? Ezer ere ez; beraz, hasieran bezalaxe gaude berriz ere!
Egun osoa lanean jardun, soldata eskas bat lortu, bizi eta herrira dirua bidali. Euskaraz hitz gutxi batzuk besterik ez dituzte ikasiko eta gozokia eskaini ondoren, gozoki hori kendu egiten diegu!