Lehengo astean, kafetegiko gazteengana hurbildu nintzen eta “badakizue euskaraz?”, galdetu nien. Harridura aurpegiarekin begiratu ninduten, jakin beharko banu bezala erantzuteko: “Noski, badakigu euskaraz. Zer nahi duzu?”. Horixe da gaur egungo euskararen errealitatea: ikasketak euskaraz egin arren, ikasgelatik kanpo gaztelaniaz aritzea. Nik pentsatu behar al nuen euren artean gaztelaniaz ari baziren ere, euskaraz bazekitela? Erabilera, erabilera eta erabilera.
Azken aldian, igo egin omen da, edo datuak hobetzen ari direla irakurri dut. Agian, Egiako “Euskaraz bizi nahi dugulako” proiektuak ekarri duen olatuak zerikusia izango du. Horren eraginez beste hainbat herritan antzerakoak jarri dituzte martxan, baita gure inguruan ere: Hernanin “Euskara ari du”, Lasarten “Baietz 40 egun euskaraz”, Astigarragan “100 ta 100… 200 ordu euskaraz”… Lasarteko mugimenduan sortutako Belarriprest eta Ahobizi figurak oso interesgarriak iruditzen zaizkit, adibidez; paparrean txapatxo bat eramateak zenbateraino lagun dezakeen erakutsi digute.
Andoainen ere irailean egin genuen “Euskararen Eguna”. Hainbat ekintza antolatu genituen eta, garrantzitsuagoa dena; herriko eragile askok hartu zuen parte. Bideari ekin genion eta orain, horri bultzada indartsu bat ematea tokatzen zaigu, jarraipena ematea. 20. Korrika igaro berria den honetan, eta jendeak bizitako zirrararekin, ziur batek baino gehiagok gustura lagunduko lukeela momentu honetan…
Duela gutxi, ETB1eko Ur handitan saioan, “Euskara, XXI. mendeko labirintoan” atalean, euskararen inguruko hainbat gogoeta egin zituzten, baina nik bat dut gogoan. Izan ere, euskara zer da euskal kulturarik gabe? Eta euskal kultura euskararik gabe?
Juan Mari Torrealdaik (euskal idazle, euskaltzain, kazetari eta soziologoa) honakoa esan zuen: “Gaur egungo gazteek euskaraz bai, baina euskal kulturaz ez dakite ezer”. Agian, Euskararen Eguna beharrean, Euskal Kulturaren Eguna ospatu beharko genuke?
Onena egunerokoan zerbait egitea izango da, egun berezi baten zain bizi beharrean, ez duzu uste?