Euriak asfaltoan talka egitean sortzen duen lurrina, goizean kafe egin berriarena, igogailuan bizilagunak daraman perfumea, udaberri hasieran zabaltzen den ximaurrarena, eltzean plot-plot dauden babarrunena… Usaimenak bizitzan zehar igaro ditugun momentu goxoak nahiz petralak gogora ekartzen dizkigu, nahigabeko lotura hori gure burmuinak automatikoki egiten du: itsasoa usaintzeak udako hondartzako arratsaldeak ekartzen dizkizu gogora, ospitaleko usain tristeak bertan pasatutako une latza, parrilan erretako haragiaren lurrinak familiarekin egindako bazkari ederra… Baina oraindik badaude zentzumen honi lotuta argitu gabeko galderak. Gogoratzen Evaxen iragarki hura? “Zer usain dute hodeiek?” Inork badu galdera horren erantzuna? Hori beste baterako utziko dugu.
Duela gutxi, Berrian honako titularra irakurri nuen: Zentsura estua neurri handiei. Esaldi horrek erakarrita eta zer esan nahi zuen argitze aldera, albistea irakurtzea erabaki nuen: Ameriketako Estatu Batuetako bi katek, NBCk eta ABCk, gorpuzkera handiko emakumeen iragarki bat ez ematea erabaki dute. Iragarkia Lane Bryant enpresak egin du, barneko arropa promozionatzeko. Bertan, gaur egungo kanonetatik irteten diren emakumeak dira protagonista. Kanpainak This Body izena du, eta asmoa neurri hauetako emakumeak omentzea dela argitu du enpresak, beraiek ere erakargarriak izan daitezkeela erakutsi nahian. Spotak minutu erdi bat irauten du, eta emakume batzuk azaltzen dira bertan. Horietako batek bularra ematen dio bere haurrari, guztiak irribarrea ahoan, zuri-beltzean azaltzen dira. Ez da ezer lizuna, ezta hainbat perfumeren edo arropa marken iragarkietan ikusi duguna baino iskanbilatsuagoa ere.
Zentsuraren lerroa finkatzea ez da lan erraza (Wikipedian zentsuraren definizioa honakoa da: informazio publikoaren kontrola eta ezabaketa da, agintetik emandako arrazoi politiko, ideologiko, erlijioso edo moralengatik burutzen dena), finkatu beharko litzateke? Batzuk uste dute ez lukeela existitu ere egin behar, besteek ezin dela edozer argitaratu… Baina non dago muga? Mugarik egon beharko luke? Unibertsitatean kazetariok objektiboak izan behar dugula erakusten digute, baina existitzen al da komunikabide objektiborik? Edo bakoitzak bere objektibotasuna du? Modu batean ala bestean, Lane Bryant enpresaren kasu honetan argi dut: ez dakit zentsurak zein usain duen, baina oraingoan, behintzat, kiratsa dario.