Eskumuturrekoak, kanpandorrekoak, areazkoak, eguzkiarenak… Ez dakit zein erloju erosi, ezberdin asko daude, nahiz eta, oro ha,r gauza bera neurtzen duten; eros ezin daitekeen denbora preziatu hori. Tik-tak, tik-tak… Baina zer da denbora? Hiztegiaren arabera gauzak gertatzen eta izakiak aldatzen diren bitarte mugagabea; delako bitarte horren zati mugatua litzateke, hots, zerbait abstraktua. Hala ere, gu orratz lodikote txiki eta argal luzexka horren baitan mugitzen gara, horien arabera antolatzen dugu gure bidea eta zahartuz goaz, gelditu nahi eta ezinean. Tik-tak, tik-tak eta badoa.
Presa daukat, presaka nabil, presaka noa, gero, bihar, hurrengo astean… Errealitatea hau da, irakurtzen ari zaren unea eta ez pentsatzen duzuna edo egin nahiko zenukeena, egiten ari zarena baizik. Gure errealitatetik at bizi gara eta bitartean bera berriro ere badoa. Tik-tak, tik-tak… Abestiak dioen moduan “atzo gaur bihar zen eta ametsak betetzeko egun bat gutxiago…”.
Behin Berria egunkariko artikulu batean zera irakurri nuen: “Gu denboraren menpe, ala denbora gure menpe? Biak nahi ditugu, eta bat ere ez dugu nahi aldi berean. Denboraren menpe ez gaude gustura, baina denbora gure mende izateaz ere azkar aspertuko ginateke”. Izan ere, gizabanakook askotan (gehienetan) ez dakigu zer nahi dugun edo zein den gure norabidea eta zalantzaren amildegian geratzen gara, izozturik, dena nahiko genuke baina era berean ez dugu ezer nahi. Pentsamendu horretan barneratzen garen bitartean tik-tak, tik-tak eta denbora berriro ere badoa.
Modu batera edo bestera, denborak berak gauza asko irakasten dizkigula deritzot, jaiotzen garen unetik hazten joan ahala gure bidean daramagun motxila betetzen doa: esperientziak, nahiak, zapuztutako edo betetako ametsak, ilusioak, tristuraz edo alaitasunez beteriko momentuak, istorioak, historia, gertakizunak, zereginak, zurrumurruak, sentimenduak… Bakoitzak gureak bizi ditugu, ezberdinak, norberarenak eta izan garen horretatik abiatuta zer izan nahi dugun erabakitzen dugu. Horregatik izan zirelako gara eta garelako izango dira, baina beti ere tik-tak, tik-tak hori ahaztu gabe, oraina baita gure iragana bihar. Oroitzapenak gogoratu, etorkizunarekin amestu baina bizi, gozatu, denborak eskuetatik irrist egin ez diezagun. Tik-tak, tik-tak, ardi galdua atzeman daitekeelako baina aldi galdua ez.