Zer ikasi zenuen katekesisian ba?”, galdera hori behin baina gehiagotan egin didate etxean, amonak eta aitonak batik bat. Normalean esan behar ez nuen hitz “itsusiren” bat esateagatik edo erlijioaren inguruan nire ezjakintasunaren ondorioz egindako galdera batengatik.
Gogoan dut behin bota nien erantzuna: gauza asko ikasiko nituen baina ez naiz akordatzen, hala ere, santuekin asko akordatzen naiz. Santuak oso maiteak ditut eta ahal ditudan guztiak ezagutu nahi ditut. Aiton-amonak txundituta geratu ziren, ahozabalik, zer esaten ari ote nintzen asmatu ezinik. Orduan ezagutzen nituenak esan nizkien: San Pedro, San Juan, Santa Krutz, San Esteban, San Fermin, San Roke… Jarrai nezakeen baina bat-batean denak barre algaraka hasi ziren, orduantxe ulertu baitzuten.
Santu bakoitzak festa bat dakarkit gogora, parranda eder bat eginiko gaua edo egun alai bat igarotako oroitzapena. Euskal Herria festaz jositako mapa bat da, guztiak ezberdinak baina funtsean zerbait ospatzea xedetzat dutenak; bakoitzak bere xarma dauka eta guztiok daukagu gure kuttuna (nirea edo nireak ez dizkizuet aitortuko). Uda sasoi honetan aukera zabala izaten dugu eskuartean, neguan baina errazago mugitzen gara, bai inguruko herrietara edo baita hain gertu ez dagoen baten batera ere. Agian berokiaren pisua jasan behar eza, egunak luzeagoak izatea edo eguraldi onak gugan sortzen duen poza dira horren erantzule.
Horren adibide argia da Andoain, festa ezberdinen euskal mapa horretan dudarik gabe postu onean geratuko bailitzateke. Honatx: Gurutze Santu edo Santa Krutz eguna maiatzaren 3an, San Juan ekainaren 24an, San Pedro ekainaren 29an (Kale Txiki), Karmengo Ama Birjina uztailaren 16an (Karrika), San Inazio uztailaren 31n (Etxeberrieta), San Esteban abuztuaren 3an (Goiburu), San Roke abuztuaren 16an (Buruntza) eta Koroko Ama Birjina irailaren 8an (Sorabilla). Hori guztia ihauteriak, gabonak eta tartean ahaztu zaidanen bat kontuan hartu gabe, beraz, zerbait ahaztu zaidala ohartzen bazarete, aldez aurretik barkatu.
Behin irakurri nuen “Nolakoak dira euskaldunak zuretzat?” eta erantzuna norena den esaterik ez badaukat ere, oso ongi gogoratzen dut erantzuna: “euskaldunak hotz eta astakirten fama daukagu, lehenengoari dagokionean hori da ez gaituztelako mahai baten inguruan ikusi eta bigarrena… Beno bai, hori horrela da”. Astakirten ala ez festa atsegin dugula argi dago eta horretarako aukera itzela ere badaukagu, beraz, gozatzen jarraitu, festaz festa, santuz santu.