Tipi-tapa

Erabiltzailearen aurpegia Ainara Loyarte 2013ko mar. 21a, 09:17

Zerua ilun zegoen, baina Martin Ugalde kultur parkean kolore ezberdinetako aterkiz osatutako tapiz bat gailendu zen. Goizean euria izan zen nagusi, baina ekitaldiaren hasierarako, magia  bailitzan, atertu egin zuen, koloretako tapiza desagerraraziz. Bazen jendea han: batzuk herritik kalejiran etorri ziren, buruhandi eta erraldoiekin; besteak lanean zebiltzan kamara edo mikrofonoarekin; zenbait andoaindarrek, berriz, txalaparta, dantza edo abestea zuten eginkizun. Ekitaldia beranduxeago hasi zen eta Oskar Elizburuk AEK-ren izenean esan zuena daukat gogoan: “euskara erabiltzeko joera landu behar dugu, transmititu egin behar dugu”. Bertara gerturatutako guztien aurpegietan ilusioa islatzen zen, Oskarrek esandakoa betetzeko gogoa, bakoitzak ahal duen neurrian baina guztion artean hori lortzeko gai garela sentitu nuen, guztiok puzzle baten pieza txiki baina garrantzitsuak bagina bezala.

Hasi zen 18. Korrika. Guztiok urduri geunden, denentzako tokirik egongo ez balitz bezala. “Tipi-tapa tipi-tapa Korrika! Hemen gaude euskararen alde!”, oihu horiek nagusitu ziren. Aurrean, atzean eta errepidearen bi aldeetan jendea pilatuta zegoen eta ni garaile sentitu nintzen. Ez soilik uste baina korri gehiago egitea lortu nuelako, baizik eta gure hizkuntzaren aldeko sentimendu hori inoiz baino indartsuago zegoela iruditu zitzaidalako.

Behin Kike Amonarrizi entzun nion euskararen alde egotetik euskaraz hitz egitea bultzatu behar dela eta Andoainen Korrikak iraun zuen ordu erdian euskara elkarri emateko gogoa bazegoen. Horixe baita aurtengo leloa, hamar egunetan lekukoa elkarri pasaz euskara ere batak besteari ematea. Hamar egunetako ibilbidea da eta amaitzean izango da, martxoaren 24an Baionan, lekuko barruan Martin Ugalden sartutako mezua irakurtzeko ordua. Zer jarriko ote du? Ez dakit, baina ordurako 18. Korrikaren ibilbidea amaituta egongo da eta gure eskuetan izango dugu eguneroko bizitzan lelo hori mantentzen jarraitzea, euskararen ibilbideak Korrika bukatuta ere tipi-tapa jarrai dezan.

Ez dut testu hau amaitu nahi aurten omenduko direnak aipatu gabe, euskara ikasleak hain zuzen ere. Euskal Herriko euskaltegietan 35.000 ikasle daude eta gaur egun murrizketak pairatzea tokatu bazaie ere, hortxe gogor jarraitzen dute, ahalegin handia eginez eta gure hizkuntzaren biziraupenerako zutabe garrantzitsu bilakatuz. Baina ez da Artzek esandakoa ahaztu behar: hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!