Hurrengo egitasmoa San Juan jaietan burutu da. Ekainaren 23an eta 24an herriko taldeei euskaraz aritzeko eta Euskaraldiarekin bat egiteko proposamena egin zaie, eta arrazoi horregatik, euren saioetan Ahobizi edo Belarriprest pegatinak jantzi eta euskaraz aritu dira. Horretaz gain, informazio mahaia jarri eta azaroaren 23tik abenduaren 3a bitartean parte hartu nahi dutenek izena emateko aukera ere izan dute.
Herritarren erantzunarekin oso gustura gaude. Informazio bila, izena eman dutenen eta asteburuan euskaraz aritzeko konpromisoa agertu dutenekin oso eskertuta gaude. Horren adibide dira, 'andoaindarra euskaraz' facebookean dauden herriko taldeen argazkiak: banda, Olagain txistulari taldea, musika eskolako helduen abesbatza, kantukalejira, Maizorri txalapartariak, Punttuka bertso eskola, Pilota eskola, auzoetako jai batzordeak, Zumeatarra elkartea, Axeri dantza, udal korporazioa, txirrindularitza eskola, Buruhandi eta erraldoiak, Mintzalaguna-AEK-ko kideak.
Komunikabide orokorretan pixkanaka Euskaraldia zer den azaltzen ari badira ere, azkenean, herri bakoitzak bere errealitatera egokitu beharko du ariketa sozial erraldoi hau. Eta herrian egin ditugun lehenengo ekimenetan izan dugun erantzunarekin, lanean jarraitzeko ilusioz dihardugu Andoaingo Euskaraldia batzordean.
Euskaraz aritzeko sentsibilizazioa, kanpaina esparru guztietan egin behar dugula jabetuta, kirola, kultura, ikastetxe, saltoki eta taberna, lantoki, aisialdi zein familian, eremu horietan Euskaraldiaren berri eman eta ekimenean parte hartzera animatzea izango dira hurrengo pausuak.
Herriko talde eta elkarteekin egingo diren bileraz gain, auzoetako jaiek ere Euskaraldiarekin bat egingo dute, eta irailetik aurrera, zenbait kultur eta kirol ekimenek egingo duten antzera. Beraz, adi egon eta beraietan parte hartzera animatu nahi zaituztegu. Izan ere, denon artean egingo baitugu Euskaraldia.