Espekulazioa

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Usandizaga 2011ko mar. 16a, 08:48

Espekulazioa, horixe da aspaldi honetan leku askotako arazoen oinarri-oinarrian dagoen hitza. Gure kasuan ganadua elikatzeko lehengaien prezioen gorakada izan da hizpide, beste herrialde batzuen kasua larriagoa da oraindik, jatekoaz ari baitira. Azken finean, dirudunen menpe denok. Orain burtsan edo etxebizitzetan inbertitzea hain errentagarria ez denez, lehengaiak erosten dituzte prezio onean. Denboraldi batez gorde, eta beharra ugaritzen denean, garesti saldu. Horri lapurreta ere deituko nioke nik. Jabier Muguruzak “Bizitza bi” kantuan halaxe kantatzen du: lapur txikiak kastigatzeko nonahi badago kartzela, handiak hor ikusten ditut paseoan dabiltzala”.

Espekulazioa hitz itsusia izanagatik ere, gaur negozioarekin lotzen da, irabaziekin. Horregatik, askorentzako hitz polita izatera pasa dela uste dut. Alperrik dira kontuak, dirua da aspaldiko urtetako jainkoa eta esaerak dioen bezala, lanetik ez da inor aberastu.

Burua zurrunbilo horretan dabilkidan bakoitzean bada beste kantu bat oroitzen dudana: J.C. Perezen “Urrearen bila” kantua. Entzuten dudan bakoitzean astintzen du nire pentsamendua, bizitza honetan poza ematen duten gauzetaz gogoratzeko bederen balio duela uste dut. Baina alferrik, egunerokoak jaten gaitu: lana, ordaindu beharreko fakturak, krisi garai honetako ezinak eta kezkak… Beste leku askotan bezala, baserrietan ere asko okertu dira gauzak azkenaldian, lehenaz gain. Ez daukagu beste hizketagairik gure artean hitz egiten dugunean. Nola aurre egin egoera honi? Nola egin gure lana eraginkorrago? Nola hobetu gure esplotazio-kontuak? Nola zuzendu arazo finantzarioak? Eta urtean 3.500-4.000 orduko lanaldiarekin jarraitu behar al dugu?
Lagunarte ona bilatzen dugunean egiten dugu deskarga. Bakoitzaren arazoetaz hitz egin, hausnartu lasai, eta aholkuak jaso edo eman; hortik ateratzen baitira aurrerako proiektu edo irtenbide asko. Horixe da gehien estimatzen dudana, izan ere, hor ez baitago espekulatzerik. Ez da diruarekin ordain litekeena ere, eta urrearen balioa ez da  bere parera iristen.

Jabier Muguruzari entzun nion behin lagun bati egin dakiokeen eskaintzarik politena dela Iñaki Irazuk idatzitako bere kantuetako bat. “Eskaintza” izena du, entzun eta goza ezazue.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!