Basurde festa

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Usandizaga 2010ko ira. 30a, 10:19

Jakiteko modukoa den gertakizun bat kontatuko dizuet: abuztuaren erdi alderako konturatu ginen basurdeak hasiak zirela artasoroetan kalteak egiten. Iaz egin zituzten txikiketak ikusita, aurten arreta handiagoz ibili gara eta lehenengo momentutik antzeman genien nondik nora zebiltzan. Segituan jarri ginen harremanetan zona honetako ehiztari koadrilakoekin, eta baietz, bazekitela basurde horien berri eta zerbait egingo zutela. Hasieran lasai hartu bagenuen ere, gauero-gauero etortzen jarraitzen zuten basurdeek. Egunean baino egunean zulo handiagoa egiten ari ziren. Goiz batez, bidean pasatzen ikusi zuten bat, etxetik berrogeita hamar metrora dagoen sororantz. Eta hantxe geratu zen nonbait, ze geroxeago, beste ehiztari talde batek uxatu zuen basurde hori etxe azpiko sorotik basorantz. Baina, ez da legala hori egitea nonbait eta Ehiza Federazioko arduradunak, jakin bezain laster eman zuen abisua Diputazioan. Handik aurrerako egunetan, hor ibili ziren basozainak artasoro inguruetan, ez basurdeak zaintzen, jakina. Hortaz, basurdeek ederki aprobetxatu zuten hamabostaldi bat nahi zutena egiteko. Guk zonaldeko ehiztari arduradunari deitu eta lata ematen jarraitu genuen. Baimena izanez gero behintzat, basurdeak irailaren 5ean ehizatuko zituztela esan ziguten. Berez, kalteak egindakoan behintzat ez dago inongo arazorik basurdeak ehizatzeko baimena lortzeko.

Baina azkenean, ez zuten ezer egin; Ehiza Federazioko arduradunak esan zigun Diputazioak ez zuela baimenik eman, ahaleginak egin bazituzten ere. Berehala jarri ginen harremanetan Diputazioko Mendi eta Basoetako Zuzendariarekin eta arazoa bideratuko zuela agindu zigun. Hala, irailaren 12rako antolatu zuten basurdeak ehizatzeko eguna. Bezperako egunetan hor ibili ziren ehiztari koadrilakoak arrasto bila eta non ezkutatzen ziren antzeman ere bai. Alperrik, hilaren 12an ez zen basurderik agertu. Bezperan, basurdeei azkeneko maukak egiten utzi eta hamabiak aldera su artifizialak jaurti zituzten artasoro inguruetako leku ezberdinetan, basurdeak uxatzeko. Nortzuk izan diren ez dakit, baina ondo antolatutako ekintza izan zela bistan dago. Ez da pelikula txarra Donostiako Zinemaldirako!

Geroztik jakin dut, Diputazioko langile batek esanda, irailaren 5erako ehiztariek bazutela baimena basurdeak ehizatzeko. Ez dakidana da nork esan didan gezurra: Diputazioko langileak edo Ehiza Federazioko arduradunak.  Hortik aurrera bakoitzak pentsa dezala nahi duena, baina garbi utzi nahi dut Ehiza Federazioaren ardura dela (Diputazioarekin duten konbenioaren arabera) basurdeak zaintzea, itxitura elektrikoak jartzea edo ehizatzea; baita kalteak ordaintzea ere. Baserriko egoera ez dago txorakerietarako!!!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!