Bertsoaren ikasgaiak

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Usandizaga 2010ko urt. 5a, 14:04

Azken aldian buelta asko eman dizkiodan gai bat dakarkizuet gaurkoan. Gure herri honetan egunero hitz egiten da herri honen eraikuntzaz, gure kultura sustatzearen garrantziaz, euskararen gaiaz eta abar. Euskaldunok badaukagu gai hauekiko sentimendu berezi bat, guregan nolabaiteko batasun bat sortzen duena eta uste dut, BECen ospatu berri den Euskal Herriko bertsolari txapelketako finala horren adibide garbi bat dela. Nik eta beste askok, sentimendu berarekin bizi dugu nekazaritza, baserri mundua. Baserriak ere gure kulturaren oinarrizko piezak direlako eta euskararen transmisioaz gain, beti esaten dugun elikagaiak sortu eta ingurunearen mantentzea ere eginkizun garrantzitsuak direla uste dugulako herri honentzat. Nahiago nuke sentimendu hau euskararena bezain zabaldua balego baina uste dut lan handia daukagula egiteko baserritarrok.

Lan honetan ari gara gure saiakerak egiten: bertako produktuak kontsumitzearen garrantziaz jendea ohartarazten, gure agintariei sektore honen benetako beharrak azaltzen edota gure produktuak merkaturatzeko dauzkagun kooperatiba eta enpresetan egoera hobetze alderako proposamenak egiten. Baina aitortu beharra daukat, askotan paretaren kontra joatea bezala dela.

Komunikabideetan oso leku txikia eskaintzen zaio nekazaritzari, morbo pixka bat duten gaiekin bakarrik betetzen ditugu orrialdeak (basurdeak, mingain urdina bezalako gaitzak…). Bestelako gaiekin askotan ezkutatu dira gure hitzak, bai EITBn behitzat. Administrazioarekin berriz, esango nuke gure diskurtso bera erabiltzera iritsi direla, baina, gero ez dago neurri estruktural zein ekonomikorik hartzeko inongo konpromiso garbirik: Bai-bai esanda bakarrik ez dira gauzak aldatzen. 2010eko aurrekontuetan garbi asko geratu da. Tristeena, ordea, gure enpresa eta kooperatibena da. Akzioen gehiengoa izanik ere txotxongiloak bagina bezala maneiatzen gaituzte eta bertako merkatua landu beharrean, kanpora begirako erabaki potoloak hartu dira, kasu askotan baserritarrekin kontatu gabe. Hori nola egiten den? Garbi dago, zikin jokatuta. Dirua, interes pribatuak, bankuak eta tartean eserlekua utzi ezin duten batzuk; horrela funtzionatzen du gure sektoreak eta gu ondoa jota.

Ez da ulertzen erraza baina esplikatzea are zailagoa dela esango nuke. Bada, ezintasun honek modu berezian biziarazi zidan BECeko finala. Han sumatzen zen batasun hark eta, batez ere, bertsozale elkarteak egindako lanaren emaitzak sekulako inbidia eta emozioa sortu zutelako nigan. Hori, denoi balio beharko ligukeen adibide bat da. Zorionak Maialeni eta gainerako bertsolari guztiei. Zorionak bertsozale elkartean eta elkartearentzat lanean diharduzuen guztioi.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!