Etorkizuneko nekazaritza

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Usandizaga 2008ko mar. 6a, 10:41

Nekazaritzak garai txarrak bizi dituela bistakoa da. Datuei erreparatu besterik ez dago: Azken hamabost urteotan, hego Euskal Herrian %90-ak utzi du nekazaritza, bere jarduera nagusi bezala. Hauxe da, mundu mailako merkatu eta multinazionalei begira egindako politiken ondorioa eta zoritxarrez, gure administrazioek, politika horien jarraipen hutsa egin dute.

Gauzak horrela, Gipuzkoako EHNE-n berriki ospatu dugun kongresuan, lehen sektoreak gizartean galdu duen lekua berreskuratzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Uste dugu gizarte osoaren arazoa ere badela baserritarrona, gure lanak bi zeregin sozial garrantzitsu betetzen dituelako: kalitatezko elikagaiak sortzearena bata eta ingurugiroa zaintzearena bestea. Gaur egun, hemen kontsumitzen denaren zati bat bakarrik sortzen dugu. Alde horretatik asko hobetu litezke gauzak, baldin eta jendeak bertako produktuen aldeko apustua egingo balu. Gure aldetik kalitatezko produktuen defentsa egiten dugu, lurrari lotutako produkzio eredu bati lotua,  eta baserritarrontzat soldata eta bizi baldintza duinak bermatzeko adinako kostua izango duena. Bestalde, mendetan zehar ingurugiroa zaintzearen lanak errekonozimendu bat merezi duela uste dugu. Ikusi besterik ez dago baserritarren galerak nola eragin dion inguruneari eta beraz,  kontuan hartu behar du gizarteak lan hau ere produktuen bukaerako prezioan sartzen dela.

Uste dugu egungo egoerari buelta emateko aukerak baditugula oraindik, baina bide horretan administrazio ezberdin, udaletxe eta zenbait gizarte eragile  eta baserritarron arteko elkarlana ezinbestekoa dela deritzogu. Gaur ez da nahikoa egiten nekazaritzaren alde, ez da beste sektoreetan adina indar jarri gure sektorearen estrukturaketan eta nekazaritzarako lurrik onenak galtzen ari gara. Baina ohartu beharra dago nekazaritza indartsu baten beharraz, lanpostu sortzaile eta erreleboa ziurtatuko duen sektore honen beharraz. Gazteok osatzen dugu sektore honen etorkizuna eta administrazioak arreta berezia jarri behar lioke gai honi, batez ere, baliabide ekonomiko eta estrukturalak( lur publikoen eskaintza esate baterako) ahalbideratuz, baserritik bizitzeko erabakia hartzen duten gazteei. Badago nondik hasia!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!