“Herri Ostatua, herriarentzat”

Iker Urangak 23 urte daramatza ostalaritza munduan eta sukaldaritza tradizionala modernoarekin uztartzea atsegin du. Larraulgo Ostatuaren ardura hartuko du.

Nolaz erabaki zenuen Larraulgo Ostatuan lanean hastea?

Denbora generaman gure taberna irekitzeko asmotan eta Ostatuaren eskaintza iritsi zitzaigunean, lekua ikusi, eta bi aldiz pentsatu gabe etorri ginen. 23 urte daramatzat ostalaritzan lanean; Araeta sagardotegian eta Arzak jatetxean egin izan dut lan, besteak beste.

Zerk ezberdinduko du Ostatuko eskaintza?

Gogo handiarekin eta gauzak ondo egiteko gogoz gatoz. Brasa zaporearekin erretzen duen labe berezi baten aldeko apustua egin dugu eta Ostatuan emango ditugun plateren oinarria labean jartzea da asmoa. Gainera, gure plater gehienak tradizionalak izango badira ere, interesgarria iruditzen zaigu sukaldaritza modernoarekin ere gauzatxoak uztartzea.

Otorduak eskainiko al dituzue?

Bai, astean zehar tabernan, eguneko menua, plater konbinatuak, ogitartekoak eta hanburgesak jarriko ditugu eta jangelan, plater bereziak izango dituen karta ere eskainiko dugu. Hasieran pixkanaka jendearen eskarira moldatzen joan nahiko genuke baina asteburuan ere karta berezia eskaintzeko asmoarekin gatoz, hau dena betiere zentzuzko prezioekin.

Kultur astean, “Bakailaoa historian zehar” pintxo-pote kulturala antolatu behar   duzue, kontaiguzu zer den.

Azaroa bukaeran Kultur astea antolatzen dute Larraulen eta bertan pintxo-pote berezi bat antolatuko dugu. Donostiako alde zaharrean, bakailaoa saltzeko denda bat izan dugu eta, horren harira, bakailaoaren inguruko atzera begirakoa egitea pentsatu dugu. Bertan, bakailaoa errezeta ezberdinetan eskaintzeaz gain, honen ibilbidea ere plazaratzea da gure asmoa.  Gainera, interesgarria iruditu zitzaigun plater tradizionalez gain, bakailaoarekin egindako gure sorkuntza propioak ere eskaintzea, eta horixe egingo dugu.

 

Kultur asteko pintxo-poteaz gain, baduzue zerbait buruan?

Gure asmoa, hilero kanpoko sukaldari bat gonbidatzea izango da. Oraingoz, Ibizako eta Tenerifeko bi sukaldarirekin hitz egin dut eta gustura etorriko liratekeela komentatu didate, beraz ikusiko da. Horrez gain, gu garagardo zaleak gara eta Ostatuan garagardo artisaua edukitzeaz gain, aurrerago garagardo artisauaren inguruko ekintzaren bat antolatzea ere pentsatu dugu. Sukaldaritza ikastaro batzuk emateko asmoa ere badugu.

 

Zenbait hilabetez itxita egon ondoren, nola hartuko dute herritarrek berriz ere  zabaltzea?

Ez dakit, Ostatua irekitzeko gogotsu daudela esango nuke. Gainera, batzuek ezagutzen naute dagoeneko, eta badakite nolako sukaldea egiten dudan, beraz, gogotsu egotea espero dut. Argi utzi nahi dugu, herriaren ostatua dela eta herriarentzat irekiko dugula, beti ere beraien behar edo nahiei erantzun nahian.

 

Noiz zabalduko dituzue ateak?

Azaroaren 12an irekiko ditugu ateak, astelehenarekin. Hasieran hilaren 5ean irekitzea aurreikusten genuen, baina arazo batzuk medio, pixka bat atzeratu behar izan dugu irekiera.

 

Sare sozialak erabiliko al dituzue?

Bai hasiera batean Instagram, Facebook eta Twitter orriak erabiltzeko asmoarekin gatoz eta oraindik martxan jarri ez baditugu ere hori da gure asmoa.

 

Zer esango zenieke herritar zein ingurukoei zuen Ostatura gertura daitezen?

Etortzeko eta probatzera ausartzeko esango nieke nik. Bertan brasa aurkituko dutela eta etor daitezela betiko gauzak beste modu batera probatzera.

Ordutegia

Astelehena, asteartea eta asteazkena: 10:00 - 17:00
Osteguna, ostirala, larunbata eta igandea: 10:00etatik itxi arte. Sukaldea 22:30etan itxiko da.

Tel.: 943 69 09 43

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!