Axier Muxika, bizitza gozatzeko grina

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko aza. 9a, 01:00

Mutil ekintzailea zen Axier Muxika zizurkildarra. Txiki-txikitatik bere ideiak eta gogoak aurrera eramaten asmatu zuena. Lagunek hartu dute gogoan.

Urriaren 7an, lan istripuz hil zen Axier Muxika Izagirre. Bere heriotzak samin handia sortu du ezagutu zutenen artean. Lagunarte zabala zuen Axierrek. Taldetxo bat elkartu, eta haren inguruko oroitzapenak ekarri dituzte gogora. Aitor Sarasua, Edurne Zubizarreta, Joxe Ramon Usabiaga, Oihan Tolosa, Iñaki Tolosa eta Garikoitz Ugartemendia, luze eta zabal aritu dira.

Berastegi baserrian

Zizurkilgo Berastegi baserrian jaio zen Axier Muxika, duela 46 urte. Bi arreba zituen eta bera zen tartekoa. Beti izan zen oso mugitua, ekintzailea, eta lagunek zehaztu dutenez, mutikotan oso heldua ere bazen. “Villabonako ikastolara etortzen zen. Gu baino helduagoa zen Axier, hizketarako moduan, bere erabakietan…, oso garbi izaten zuen zer nahi zuen eta horretarako zer egin behar zuen”, aipatu du Edurne Zubizarretak.

Horri lotutako pasadizo bat ekarri zuten gogora Joxe Ramon Usabiagak: “Artean ikastolako umeak ginela, hamalau bat urterekin, motor bat erosteko grina sortu zitzaigun. Egunero ikusten genuen motor hura, ikastolaren ondotik pasatzen. Soinu bizi-bizia egiten zuen, oso berezia. Axierrek eta biok motor hura erosi nahi genuen, kosta ahala kosta. Eta lortu genuen. Bion artean erosi genuen gure ametsetako motorra”, azaldu du irribarretsu.

Baserriko lanak

Animaliazalea zen Axier. “Beti ganadu artean ibilitakoa zen, eta oso esku ona zuen gainera. Behi, ardi, abere…, ondo ezagutzen zituen eta ikaragarri gozatzen zuen baserriko lanarekin, betidanik. Bolada batzuk egin zituen lantegietan lanetan, baina Axier ez zen lau hormen artean egotekoa, eta laster itzuli zen baserrira”. Tolomendin ari zen lanean Axier egun, eta bere lanorduak amaitutakoan, baserriko lanei ekiten zien.

Zaldia pasio

Zaldi gainean ibiltzea zen Axierren pasioa. Zaldiaren munduak lagunarte zabala ekarri zion. Modalitate ezberdinak probatu zituen paseoa, lasterketak, raid-ak, doma, raining-a, saltoak… “Denetarik egitea gustatzen zitzaion. Beti ikasteko gogoz zegoen. Zaldiari lotutako ikastaroren baten berri iristen bazitzaion, izena ematen zuen beti. Pasioz bizitzen zuen zaldiaren mundua eta oso ondo moldatzen zen gainera. Oso esku ona zuen abereekin, ondo ezagutzen zituen. Izaera biziko zaldiak ere berera ekartzea lortzen zuen”, gogoratu dute.

Lola, Itoitz

Lola izeneko behorrarekin hasi zen zaldien munduan murgiltzen. “Huraxe izan zen lehendabizikoa. Askotan kontatzen zuen lehendabizikoz haren gainean jartzera zihoanean, sekulako buruhausteak izan zituela; behor hura nola heziko zuen, zein erreakzio izango ote zuen, nola eutsiko zion… Gainean jarri zenean, ordea, Lola ez zen mugitu ere egin”. Lolaren ondoren etorri zen Itoitz. Oso maitea zuen Axierrek. Zaldi lasterketatan hura izaten zuen bidelagun. Istripu baten ondorioz hil zen Itoitz, eta samin handia sorrarazi zion Axierri hutsune hark.

Lasterketak

Lehiakorra ere bazen Axier. Zaldi lasterketatan, hortzak estutu eta denak emanda ibiltzea gustatzen zitzaion. Iñaki Tolosa asteasuarrak ekarri du gogora: “Bion arteko lehia izaten genuen. Umore onean ibiltzen ginen, otorduren bat jokoan jarrita. Herri askotan antolatzen ziren, eta oso giro polita sortu zen zaldi lasterketaetan. Niri dena emanda ibiltzea gustatzen zitzaidan, arriskuaren ertzean. Horrela ibilita ere, ez nuen lortzen Axier atzean uztea. Hura ere denak emanda! Oso urte politak pasa genituen zaldi lasterketen garai hartan”. Lasterketatan parte hartzen ez ezik, antolaketa lanetan ere aritu zen Axier.

Eragile

Zaldi-gainean ibiltzeko zaletasuna bere inguruan kutsatzeko abilezia ere izan zuen Axierrek. Koadrilako lagunak, umetako ezagunak…, batek baino gehiagok eman zituen lehen pausoak Axierren eskutik. “Zaldien inguruan dakidana berak irakatsitakoa da. Askotan ibiltzen ginen elkarrekin. Asko erakutsi zidan”, azaldu du Aitor Sarasuak. Ingurukoak berera erakartzen abilezia berezia zuela ere azpimarratu du Edurne Zubizarretak: “Pasioz hitz egiten zuen barrutik bizi zituen gauzetaz. Ingurukoak bereganatzen zituen modu horretan, nahiz eta hori ez izan bere helburua”. Gaztetan, intsumiso egin zen Axier, “eta adin bereko lagun bat zalantzan zebilen. Axierrekin autobus bidaia batean izandako elkarrizketa bat nahikoa izan omen zuen bere zalantza guztiak uxatzeko”, azaldu du irribarretsu.

Gitarra

Berri Txarrak talde nafarraren zale, musikazalea zen Axier. Garikoitz Ugartemendiak azaldu duenez, “gitarra ikasteko gogoa piztu zitzaigun duela zenbait urte. Axier eta biok joan ginen, Aitor Goenagarengana, ikastera. Hark eutsi egin zion zaletasunari, eta etxean txoko bat jarri zuen gitarra jo eta abesteko”. Arlo ezberdin asko jorratzen zituen mutila zen Axier, irekia, ikasteko gogo handikoa. “Horrez gain, sentibera ere bazela esango nuke, besteen tokian jartzen asmatzen zuena”, gaineratu du Edurne Zubizarretak.

Etxea egiten ari zen garaian, sukaldean ikastea garrantzitsua zela iruditu zitzaion, eta sukaldaritza ikastaro batean eman zuen izena. “Hiru lagunek eman genuen izena, eta hantxe aritu ginen, zenbait hilabetez. Axier ez zen geldirik egotekoa, eta gauza ezberdin asko egin zituen”, azaldu du Garikoitzek. “Gaztetan, puenting-a ere egin genuen koadrilan. Ibarrako zubira joan eta bertatik egin genuen jauzi. Orduan ere, tartean genuen Axier”, gaineratu du Joxe Ramonek.
 

Santio bidea
 

{{IMG-42156}}

Abereekin ibilaldi ezberdinak egitea oso gustuko zuen Axierrek. Lagunartean ibiltzea atsegin zitzaion, baina baita zaldi gainean bakarrik ibiltzea ere. Santioko bidea ere egina zuen, bakarrik. Iñaki Tolosak azaldu duenez, “nik aurrez egina nuen, eta galdetzera etorri zitzaidan. Benetan gozatu nahi bazuen, bakarrik egiteko gomendioa eman nion, eta halaxe egin zuen. Ikaragarri gozatu zuen”. Santio bideko pasadizo bat ere ekarri du gogora Iñakik: “Orreagan ekin zion bideari eta Larrasoaineraino iritsi zen lehen etapan. Aterpetxera iritsi eta karteraren bila hasi zenean, galdu egin zuela konturatu zen. Santio bidea hasi berria, eta ez dirurik, ez dokumentaziorik…, dena galduta. Zer egin pentsatzen ari zenean, bere atzetik zetorren erromes bat sartu zen aterpetxera, Axierren kartera eskuan zuela. Zorte ikaragarria izan zuen!”.

Ganadua

Gauza berrien bilaketa hori baserrira ere eraman zuen Axierrek. Euskal Herrian batere ohikoak ez diren ‘angus’ arrazako behiak ekartzeko apustua egin zuen duela urte batzuk. “Horretan, eta beste gauza askotan ere, bidelagun izan zuen aita. Zaldi munduan, ganadutan…, elkar laguntzen zioten aita-semeak”.

Mendian ibiltzea ere atsegin zuen Axierrek. Behin baino gehiagotan zapaldu zituen Piriniotako gailurrak eta inguruko mendietan ibiltzea ere oso gustuko zuen. Urteroko tradizioari jarraituz, aurtengo irailean Ernioko tontorrera igo zen etxekoekin.

Lan istripua

Urriaren 7an hil zen Axier Muxika Izagirre. Bezperan, arto-berdea txikitzeko makinarekin izandako lan-istripuak zauri larriak eragin zizkion eta ezin izan zion bizitzari eutsi. Huts handia utzi du Axierrek. Lagunartean, zaldi munduan, lan kontuengatik ezagutu zutenen artean..., eta, zer esanik ez, etxean. Haren irribarrea eta bizitzaz gozatzeko grina izan daitezela aurrera egiteko indar.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!