"Andoaingo jardunaldia aitzindaria da"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko aza. 11a, 01:00

Emakumeen giza eskubideen alorrean legelari eta aholkulari lanetan dabil nazioartean Elena Laporta. Madrileko Carlos III unibertsitateko irakaslea da, eta baita azaroaren 22ko jardunaldian parte hartuko duen adituetako bat.

Kolonbian aritu zen lanean Instituto Iberoamericano de Educacion en Derechos Humanos y Democracia de la Organizacion de Estados Iberoamericanos para la Educacion, la Ciencia y la Cultura erakundean. Horrez gain, ikerlari ere aritzen da.

Azaroaren 22ko jardunaldia, "Indarkeria matxistaren biktimak artatu erreparazioaren ikuspegitik"  izenburukoa, berritzailetzat aurkeztu dute. Legelari zaren aldetik, zer nolako garrantzia ematen diozu jardunaldiari?
Ezinbestekoa da horrelako jardunaldiak antolatzea, erabateko erreparazioan huts egiten baita. Erakundeetan, gainera, ez da ohikoa erreparazioari arreta jartzea. Nazioartean garapen normatiboa ibilbidea egiten ari bada ere, gaur-gaurkoz kontzeptuari eta inplikazio praktikoei buruzko ezezagutza handia da. Andoaingo ekimena aitzindaria da, alor askotatik begiratuta. Eta genero indarkeriaren aurka giltzarri izan daiteke. Zeren eta epe ertain eta luzera begira, erreparazioa emakumeenganako diskriminazioarekin amaitzeko ezinbestekoa izan daiteke. Emakumeek pairatzen dituzten giza eskubideen urraketak errotik moztuta soilik egin genezake gizarte parekidea lortzeko bidea. Eta horretarako, kasu bakoitzean parte hartzen duten erakundeen konpromisoa eta koordinazioa beharrezkoa da.

"Justizia erreparazio bezala" izenburupean hitzaldia eskainiko duzu. Aurrerapentxoa egingo al zeniguke?
Erreparazio integrala eta eraldatzailea abiapuntu bezala hartuko dut, indarrean dauden tokian tokiko eta nazioarteko araudiak aipatuz. Biolentzia pairatu duen emakumeari ez zaio ezbeharra gertatu aurreko egoera soilik eskaini behar. Egiturazko diskriminazioa dagoela aintzat hartu behar da, beraz, errealitate hori oso kontutan hartu behar da erreparazioa aplikatzen hasteko garaian. Bizirik irten diren pertsonen erreparazioari arreta ipini behar diogu. Euren beharrei, interesei eta lehentasunei egokitu behar dugu, euren erabakietan parte-hartze eta autonomia maila handiagoa lor dezaten. Uneoro entzun behar ditugu. Erreparazioa ez da kalte-ordainera mugatu behar, horixe baita tradizionalki erreparaziotzat ulertzen dena. Erreparazioarekin errehabilitazioa, asebetetzea eta berriro ez errepikatzeko bermeak eskaini behar dira.

Erreparazioak bereziki emakumea ahaldundu behar du, eta ez sufrimendu gehiago eragin. Horretarako erakundeen parte-hartze bateratua eta koordinatua beharrezkoa da, erakunde publiko edota judizialen aldetik.


Jardunaldiak, azken hitzorduak

{{IMG-42146}}
Graciela Atencio, Feminicidio.net ekimeneko partaidea.

12:30-14:00 | Solasaldia: "Esperientzia motak erreparazio eremu desberdinetan. Kalte-ordainketa neurriak" izenburupean Graciela Atencio Feminicidio.net ekimeneko kidea edota Rafa Sainz Arartekoko ordezkaria hizlari arituko dira.

{{IMG-42147}}
Biolentzia matxista pairatu duten hainbat kasu agertzen dira "Volar" filmean.

16:00-18:00 | Gogoeta: "Erreparazio sinbolikoa: Bizirik irten direnen testigantza eta ahotsa" izenburupean Udaleko Gizarte Zerbitzuetako ordezkariek erreparaziorako neurri indibidualez hizketan arituko dira.

{{IMG-42148}}
Virginia Imaz, Oihulari Klown taldeko kidea.

18:00-18:30 | Klownklusioak: Jardunaldiari amaiera koloretsua eta alaia emate aldera, Emakunde saria jasotakoa den Virginia Imaz pailazoak jardunaldi osoan entzundakotik ondorioak aterako ditu. Azken saio horrekin amaiera emango diete jardunaldiei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!