Euskaltzaindiaren atzean, lanean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko aza. 9a, 01:00

Ibon Usarralde Euskaltzaindiaren mendeurreneko ekitaldietan agertu zaigu publikoki azken aldian, baina denbora darama erakundearen egitasmoen koordinatzaile gisa.

Zein da zure zeregina Euskaltzaindian?

Printzipioz erakundearen proiektuen koordinatzaile edo bateratzailea naiz. Egitasmoak koordinatzea, eragile ezberdinekin elkarlanean jardutea, gizartean egitasmo horiei proiekzioa ematea... da nire eginbeharra. Egia da orain urtebete hasi nintzela lanean, eta oraintxe une berezian, mendeurrenaren ospakizunean murgilduta gabiltzanez, horrek nire jardueraren %85a irensten dit une honetan.    

Iraila-urrian jarri ziren abian mendeurreneko ospakizunak.

Baionan eta Arantzazun egin ziren jardunaldiekin eman zitzaion hasiera, euskara batuaren azken 50. urtetako batasun prozesuaren bilakaera aztertuz eta aurrera begirako erronkak aztertuz. Ekimen ugari antolatu dira, hilabetez hilabete luzatuko direnak, 2019ko urrian amaitzeko. Lau multzotan banatu dira ekimen horiek, edukiak kontuan hartuz gero: akademikoa, instituzionala, artistiko-kulturala eta gizarteari begirakoa. Ez genuen nahi mendeurrenak soilik kutsu akademiko eta instituzionala eduki zezan, eta horrexegatik sustatu dira hainbat ekitaldi mota (abesbatza, antzerkia, komikia, dokumentala, telebista programa...).

Andres Urrutia lehendakariak  adierazi zuen aurrera begiratzeko baliatu nahi dela ospakizuna.

Halaxe da. Mendeurrena antolatzeko Euskaltzaindian sortu den batzordean argi eduki dugu zein norabide itsatsi ospakizunari. Iraganera begira egoteko arriskua ekidin nahi izan dugu. Ondo dago ehun urte horiei begira jartzea ondo eta gaizki eginak azpimarratzeko. Baina batik bat, euskararen biziberritzean zer egin dezakeen eta nola egin behar duen hausnartzeko tartea ireki nahi izan da, eta horretarako funtsezkoa ikusi dugu gizarteari entzutea, euskalgintzan dabiltzan eragile ezberdinei eta egunero euskaraz lan egiten dutenei (kazetaritzan, udalgintzan, soziolinguistikan, itzulpengintzan...) hitza ematea.

Euskaltzaindia barru-barrutik ezagutzen duzu...

Gainerako erakunde eta lanbideetan bezalaxe tentsio eta urduritasun uneak bizi behar izaten dira, baina orohar, oso pozik nago. Pribilegiatua sentitzen naiz Euskaltzaindian. Nik asko eskertzen dut pentsakera eta mota ezberdinetako jendearekin tratua eduki ahal izatea. Maiz, aurreiritziez askatzeko ariketa egitea eskatzen dizu lanbide honek, eta hori ere osasungarria da. Izan ere, zure pentsamendutik urrun egon daitekeen pertsona batekin elkartzera zoazenean, kontuan hartu behar den gauza bakarra da euskara biziberritzeko prozesua daukagula mintzagai eta prozesu horrek gu guztien ekarpena behar duela, ez besterik. Azken batean, gogoz eta zabalik baldin bazaude, etengabe ikasteko aukera ematen dizu. Buruko-minak sortzen dizkizu, noski, baina plazerra ere bai, beste edozein lanbidetan bezala. Egunak ezin intentsoagoak izan daitezke. Badakizu zer den, igual egun berean, idazle batekin kafe bat hartzea goizean, arratsaldean politikari batekin elkarrizketa edukitzea, eta ilunabarrean unibertsitateko irakasle batekin biltzea?

Komunikabideen fokoen pean egotea egokitu zaizu...

Ez nabil horren bila. Pentsa, lotsa pixka bat ematen dit Aiurri aldizkarian agertzeak elkarrizketarekin... Onartzen dut hori guztia ere lanpostuaren zereginetan sartzen dela. Asteburuetan emaztearekin eta semeekin familiaren baserrira (Leitzaran bailara) joanez gero, berehala ahazten zaizkit esposizio publikoak eta izen handiko jendearekin egoteak ekarri dezakeen urduritasuna. Dena den, ez dezagun idealizatu kontua. Hirugarren mailakoa da nire lekua Euskaltzaindian. Goitik euskaltzain ohorezkoak, osoak, urgazleak... daude eta horiek beren lanak eta egitasmoak behar bezala egin edo aurkez ditzaten bitartekoak jartzea da atzean gauden erakundeko langileoi dagokigun eginbeharra.

Euskaltzaindia instituzio gisa elefante batekin irudikatu izan da batzuetan...

Ehun urteko historia, eta zama, duen instituzioa da, eta bere inguruan irudi batzuk sortu egiten dira, elikatu beste batzuk... Euskaltzaindiak eman dezake umore kritikoa erabiltzeko, zergatik ez. Nolanahi ere, ez nuke esango Euskaltzaindia bereziki zaharkitua dagoenik. Gainerako erakundeak bezalaxe ezaugarri bereizgarri batzuk ditu.

Euskara biziberritzearen inguruan lanean jardun dut zorionez hainbat erakundetan (EMUN Aholkularitzan, Soziolinguistika Klusterrean, Pasaiako Portu Agintaritzan...), eta egia da nondik begiratu, gauzak ez direla berdin ikusten. Nik ere iraganean banituen aurre-juzguak Euskaltzaindiaren gainean, baina behin bere barruak ezagututa, deusezten joan zaizkit horietako batzuk eta zuzentze bidean dira besteak.

Egiteko moduak eta edukiak XXI. mendera ekarri nahi ditugu Euskaltzaindiaren barruan, gizartea asko aldatu delako azken 50 urtetan ez ezik, baita azken hamar urtetan ere. Mende berrirako moldaketa prozesua bete-betean ari gara gauzatzen, gizarte honek behar duen zerbitzua eskaintzen jakin behar dugulako. Eta borondate hori islatzen ari da instituzio publiko, pribatu edo sozialekin harremantzeko moduan edo egitasmoak irudikatu, egin eta gizarterako eran, zerbitzuak eskaintzeko orduan...

Euskaltzaindia bezalako erakunde bateko langile izateak inguruan txantxaren bat edo beste jasatea ere ekarriko zizun honezkero...

Ziria sartzen didate maiz, bai, ez dut ukatuko. Familia edo lagun giroan, tipikoa izaten da “Ibon gurekin da, eta hizketan zuzen egin beharko dugu...” eta antzekoak aditu beharra. Umorez eta kiroltasunez hartu behar dira, nola ez. Izan ere, ezin badugu geure buruaz barrerik egin, akabo guztiok, eta akabo euskara!

Pasaiako Portuan ere ibilitakoa zarela aipatu duzu. Azalduko al diguzu?

EMUNen aholkulari gisa ari nintzela, Pasaiako Portuko Agintaritzan lanpostua atera zen, kalitatearen arloa eta hizkuntzaren normalkuntza uztartzen zituena. Bertan aurkeztu, eta postua atera nuen. Sei bat urte egin nituen bertan, eta bizipen interesgarria suertatu zitzaidan. Oso kuriosoa izan zen gauza, barrutik bizi ahal izan bainuen Espainiako Sustapen Ministerioaren baitako enpresa publiko batek nola daraman hizkuntzen kudeaketa. Espainiaren eskumeneko diren hainbat erakunde daude Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan (Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionala, Meteorologiako Estatu Agentzia, interes orokorreko portuak...), eta nahi nuke horiek guztiek Pasaiako Portuak hizkuntzaren arloan egin duen ibilbidea egina balute.

Zure eskarmentutik, begiratu pertsonaletik, intuiziotik... abiatuta, euskarari ikusten al diozu etorkizunik?

Ikuspegi itxaropentsua daukat aurre begira. Semeek baikorregia naizela esaten didate, baina iruditzen zait eurek ere euskara bizirik ezagutuko dutela. Jakina, ilusoa ezin da izan. XXI. mendean erabat murgilduta gaude, azken 50 urtetan izugarri aurreratu da hainbat gizarte esparrutan, baina etorkizunean erronka handiak planteatzen zaizkigu. Orain arte asko aurreratu izanak ez baitu esan nahi aurrera egingo dugunik, besterik gabe. Euskararen alde eta euskaraz egunero egiten dira gauzak, baina ez dugu ahaztu behar gure inguruko erderek ere (gaztelaniak, frantsesak, ingelesak...) aurrera egin nahi dutela egunero. Telebista piztu edo YouTuben sartzea besterik ez dago horretaz jabetzeko. Ez dut ezer deskubritzen esaten badut beharko direla politika eraginkorrak aplikatu, gizartea aktibatu, makina bat arloetan pausoak eman (lan munduan, hedabideetan, harreman informaletan, kulturan...).

Eta gizarteak benetan nahi al du euskarak segitzerik, une jakin batean egin ditzakeen adierazpen formal edo testimonialez haratago?

Ez dauka erantzun errazik horrek. Baina nik uste iritsi garen tokira iritsi bagara, gizarteak nahi izan duelako izan dela. Gizartea ez da pasiboa, aktiboa da, eta hortaz, euskararen aldeko politika eraginkorrak eta aldeko gizarte jarrerak sustatu beharko dira, euskaraz egiten dena gogotik prestigiatu beharko da eta noski, gizarte adostasun zabalak erdietsi. Epe ertain eta luzeko perspektiba edukita, egunero-egunero egin beharko da lan, jakinda jauzi kualitatibo zein kuantitatibo handiegirik ez dugula sumatuko berehalakoan, ezinezkoa delako hala izatea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!