Auzolana eta zuzeneko erakustaldiak izango dira Adunako Herri Azokako protagonistak
"Azaroaren 11n egingo dugu Adunako Herri Azoka Berezia. Auzolana da ekimen berri honen oinarri nagusia. Azoka-eredu berri bat proposatu nahi dugu adunarrok eta herritarrek zuzenean erakutsiko ditugu produktuak lantzeko prozesuak.
Egun osoko egitaraua prestatu dugu Adunako herritarrok Udalarekin elkarlanean. Elizako ezkilen joarekin hasiko da eguna, eta goiz osoan zehar hainbat herritarrek erakustaldi didaktikoak egingo ditugu. Ogia, txorizoa, odolkia, eztia, Sagar-jotzea egingo ditugu. Landutako produktuen aniztasuna, garia eta artoa aletzea, lixibia egiteko prozesuak, “Ogiaren Ibilia” dokumentala eta abar Adunar askok parte hartu izanagatik dator.
Prozesu horiekin guztiekin lurra lantzeari lotuta lanbide zaharrak erakutsiko dizkiogu publikoari Euskal jantziz atonduta. Guztira, 47 postu egongo dira Adunan herrian zehar sakabanatuta. Horietako gehienetan Herritarrak ariko dira gisa guztietako lanak eta produktuak erakusten. Euskal Herriko zazpi Herrialdetako Artisau postu bana ere izango da gonbidatu moduan.
Egunean zehar zuzeneko musika joko dute zenbait herritarrek, eta herri-bazkariaren ondoren erromeriarekin amaituko da azoka.
Eguraldiaren gorabeherak ere aurreikusi ditugu, eta euria egingo balu, prestatuta daukagu azokako postuak kokatzeko plana.
Ondarea: materiala eta ez materiala
Azokaren helburu nagusia herritarren partaidetza sustatzea da. Helburu hori lortzeko, azoka egunetik harago, urte osoan ari gara lanean, besteak beste garia, babarruna eta artoa erein ditugu, txorimaloak egin eta baratze eta soroan jarri ditugu. Adunarrok elkarlanean egindako jarduera horiek guztiek herritarren arteko harremanak sustatzen dituzte eta, prozesu parte hartzaile bidez lortutako produktuek ondare materiala osatzen duten neurri berean, herritarren arteko kohesioak Adunaren nortasuna sendotzen du.
Produktu zehatzetatik harago, pertsonen arteko harreman zuzenek ondare ez material baina oso aberatsa osatzen dute. Partaidetza eta inplikazio horren ondorioz, Herritar guztiok bihurtu gara Adunaren enbaxadore eta proiektuaren dibulgatzaile.
Herri azokari goizeko 10:00etan emango zaio hasiera eta arratsaldera arte iraungo du jaiak
ADUNAKO HERRI AZOKA - EREIN TA HARTUZ HERRIA UZTARTUZ
Adunara igotzeko errepideak itxita egongo dira eta bertaratu nahi duen guztiak dohainik izango den garraio publikoa erabiltzeko aukera izango du Aparkalekuak
Aparkatzeko lekuak Adunako Ibaio-ondo, Uparan, Urtaki eta Irizar ondoko industriguneetan egongo dira kokatuak.
Garraio publikoa
Egunean zehar, autobus zerbitzua izango dohain, aparkalekuetatik azokaraino hurbiltzeko, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 18:30ak arte.
Herri bazkaria
Bazkarirako Txartelak aurrez hartu beharko dira Adunako Uztartza aterpetxean
Helduak 17€.
Gaztetxoak 16 urtetik beherakoak 9€.
Oharra: Ahalik eta zaborrik gutxiena sortzeko ahaleginean, eskertuko genizueke erosketak eramateko poltsak edo saskiak, nor berak etxetik ekartzea
Amaitzeko, urte osoan eta azoka egunean lanean arituko garen guztioi, animoak… goazen azken txanpari indarrez ekitera.
Besterik gabe, azaroaren 11ean Adunako Herri Azokara hurbildu nahi duzuen guztiak gonbidatuta zaudete Adunako herritarren izenean".