Karobia piztu dute Ortzaikan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 30a, 01:00

Burdina taldeak Ortzaikako karobia piztu du, Joxe Paulo Usandizagaren omenez. Urteroko tradizioari eutsi diote, Goiburu aldean duela urte batzuk berreskuratutako karobia piztuz.

[Argazkiak]

Burdinako kide nekaezina zen eta 2011n hil zen Joxe Paulo Usandizagaren omenez antolatu zen ekitaldia, azken urteetan bezala.

Usandizagaren senitartekoen aurrean Joseba Urrutiak aurreskua dantzatu ostean, Ion Belokik bertsotan jardun zuen. Ondoren, Burdina taldearen izenean Ander Otañok hartu zuen hitza. Hona bere mintzaldia:

“Beste behin hemen bildu gara sutondoan. Udazkeneko eguraldia bezala nostalgia eta melankolia jartzen zaigu beste behin, bidean gertatutako historia eta pasarteak gogoratuz. Gogora ekartzen ditugu garai txarrak eta baita onak ere, eta hori horrela izanik, aurrera jarraitzeko indarra bildu dugu aurten ere. Gaztainak erretzen jarraitzeko danbolinari atsedenik eman gabe jarduteko asmoa daukagu; danbolinari atsedenik eman gabe jarduteko asmoa daukagu. Fase desberdinak pasa ditugu eta gure lan taldeak ikasi du zer egin behar duen eta zertarako jarduten duen.

Hau da, gorputz bezala materia garelarik urtu egiten gara, baina oroimenean geratzea da gure helburua; ez dugu indar erakustaldirik egiten, ezta guk erabiltzeko izango den zerbait sortzen. Ondarea hitzak esaten duen bezala, ondorengoei bizi nortasuna eta oreka uzteko beharra sentitzen genuen, eta horregatik jarraitzen dugu lanean eta etenik gabe ikasten.

Sentimenduak, hau da, alde emozionala eta arrazionalak bateratzeko bidean 17 urte igaro dira eta bidean urtaro asko pasa dira, non adar zaharrak tinko eutsi dioten eta kimu berriak ernaldu diren aurrekoen itzalpean, antolatzen eta sortzeko gaiak hezkuntzak uztarturik.

Munduaren azterketan, erdiguneak eta errealitate distortsionatua hautsi nahi izan  dugu, munduko erliebea eta topografia azaleratuz, gure lanaren arkatzak Leitzaran bailarako mehatzak, askak, karobiak, errotak, iturriak eta elur-zuloak begien aurrean jarriz eta lokalismoa hautsi eta herri desberdinak ezagutzeko aukera edukiz; Areso, Berastegi, Billabona, Asteasu, Elduain, Zizurkil eta Andoain…

Baina aurten desberdintasun bat eduki du, aurten hegazkina hartu dugu eta lau haizetara gure lema oihukatzeko abagunea eduki dugu: Javi Gallo Nepal herrialde menditsura bidai sentimental eta arrazionala eginez, Burdina Taldeko ereserkia erakutsi du, hau da, lurra eta zerua laztantzen diren puntuan, Joxe Paulo lagunarekin beste behin elkarrizketa berri bat edukitzera joan da. Bertan Burdina taldearen berri ematera joan da, bertako karobiak askatutako keak zer usain duen, aitzurrak ze hotsa ateratzen duen eta Euskal Herriko lur buztintsu eta gogorra nolakoa den gogoraraztera joan da, gure laguna, iragana eta oraina uztartzera joan da. Izan ere, ezin dugu ahaztu Joxe Paulok Burdina taldearengatik egindako lan guztia.

Gure lanaren aitormena eta errazten dutenei eskertzea besterik ez zaigu falta, bolondres taldeari, Udal desberdinei, hona gerturatutako guztiei, eta azkenik, guk hasitako lana etorkizunean ekingo dietenei, izan ere guk antzinako kondaira eta ohiturak abiapuntu izan ditugun bezala, gu ere hurrengoentzat mugarri izan nahi dugu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!