Ondarea, emakumea ardatz hartuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 26a, 02:00

Joan zen igandean jardunaldiak antolatu zituzten Gipuzkoako hainbat txokotan, tartean Andoainen eta Urnietan. Emakumezkoen kale izendegia Andoainen, eta Urnietako elizako organoa izan dira aurtengo bisitaldi gidatuen protagonistak.

[Bideoak: Andoain | Urnieta]

 “Ondarea, Emakumeen emaria” lelopean Andoainen eta Urnietan ekitaldi bana antolatu zen joan den igandean, Ondarearen Europako Jardunaldien baitan. Gipuzkoako udalerrietan ekimena martxan jarri duten hirugarren urtea da.

Andoainen igande goizez
Andoaingo kale izendegian nabarmentzen diren emakumeen ibilbidea aztertu zen, Larramendi Bazkunaren eskutik. Kaletxikin jarritako hitzordura bertaratutako herritarrak hizkuntzaren arabera bi taldetan banatu ostean, Ama Kandida (Juana Josefa Zipitria) Jesusen Alabak ordenaren sortzailea izan zuten hizpide. Pio Baroja kalera abiatu ziren gero, han Gizarte Zerbitzuetako egoitzari izena ematen dion Anbrosia Olabiderekin jarraitzeko; XIX. mendean emakumeentzako aterpeak bultzatu zituen moja izan zen. Goikoplaza utzi, eta Juanita Alkain euskaltzalearen plazara abiatu ziren ondoren.

Carmen Alcacera emagina izeneko zeharkalean azken aurreko azalpenak jaso ostean, Algodonerako Emakumeen plazan amaitu zuten guztiek. Han, hamaiketako gozo batekin eman zioten amaiera ibilbideari.

Urnietan igande arratsaldean
San Migel parrokian Ana Belen Garcia organojoleak Cavaillé-Coll organoari buruzko hitzaldi pedagogikoa eskaini zuen. Ondoren, Haizea Muñoz sopranoak eta biek, euskal konposatzaileen piezekin osatutako kontzertua eskaini zuten. Aita Donostia, Jesus Guridi, Gabriel Olaizola, Tomas Garbizu, Xabier Lete eta Lourdes Iriondoren abestiak interpretatu zituzten; Iriondoren 'Isiltasuna' izenburua daraman abestirako, Koro Berasategi urnietarraren laguntza izan zuten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!