Gaikako bilketa hobetzeko premia dago

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 31a, 01:00

Andoaingo herrian helburu gisa jarritako bilketa kopurua ez dira betetzen ari, eta ia aukera bakartzat ikusten da errefusarako edukiontzi grisa txertatzea. Inguruko beste herrietan antzeko sistemarekin emaitza onak lortzen ari dira.

Tolosa aldera joanez gero, Amasa-Villabonan bildutako hondakin guztiaren %82a sailkatuta biltzea lortu dute. Datuak eskuan, Udalak berriki herritarrak zoriondu nahi izan ditu: "%82tik gora goaz! Horrela jarrai dezagun!". Atez ateko sistema alde batera utzi zuten han, bost edukiontzien aldeko apustuari eusteko (organikoa, errefusa, ontzi arinak, papera eta kartoia eta beira).

Andoainekin alderaketak egiten hasita, Urnietako eredua egokiagoa da. Han organikoa txertatu zuten lehenik, eta errefusarena ondoren. Errefusaren erabilera, gainera, Urnietan ere mugatua da. Sistemak bilketa selektiboaren datu orokorrean igoera eragin du, 2017aren azken hilabeteotako bilketa %68koa izatera iritsi baitzen (San Marko mankomunitatearen datuak dira). Udalak laster aditzera emango ditu aurtengo datuak, eta ziurrenik %65ko helburua bete dutela baieztatuko dute.

Andoaingo hiru auzuneetan
Martxotik hona Andoaingo Alejandro Calonge, Olagain eta Sorabilla auzuneetan errefusarako edukiontzi grisa esperientzia piloto modura erabiltzen ari dira. Aiurri astekaria hiru auzuneetara hurbildu da, hango auzotarren esperientzia gertutik ezagutu asmoz. Oro har, erabiltzaile modura, sistema gogoko dutela adierazi dute.


Edukiontzi grisa martxan dagoen hiru auzoetako bizilagunen iritzia

ANTONIA VALENTINA - Sorabilla

Esperientziaren balorazioa
"Oso ondo iruditzen zait orain edukiontzi grisean txartela jartzea. Lehen inguruko herrietako jendea hona  etortzen baitzen euren zaborra botatzera, eta oraingo sistema honekin hori ekiditea lortu dugu. Ez dakit  zehazki zenbatero erabiltzen dugun, senarrak atera ohi duelako zaborra, baina gehien erabiltzen dugun edukiontzia organikoarena da".

Andoaingo birziklatze baxua
"Etxean birziklatzen dugu eta niri horrek balio dit. Ez dakit beste herrietan zer egingo duten, nik nire inguruan ikusten dudanari begiratzen diot. Eta Sorabillan birziklatzen dela esango nuke".

ALEX MAESTRO - Sorabilla

Esperientziaren balorazioa
"Ez zait oso ondo iruditzen auzoan orain non eta nola jarri dituzten edukiontziak. Lehen tapaturik egoten zirenean ez baitzen kanpoan horrenbeste zabor biltzen. Astean bitan erabiltzen dut zaborrontzia, nire gurasoek gehiagotan".

Andoaingo birziklatze baxua
"Gehiago birziklatu beharko litzateke. Guk organikoarekin konposta egiten dugu, baina bakoitzak jakin behar du zer egiten duen bere zaborrarekin. Egia da askotan entzun dudala txarteldun sistema duten ondoko herrietako jendeak euren zaborra hona ekartzen dutela".

DIEGO BARRASA - Olagain

Esperientziaren balorazioa
"Hondakinen sailkatze sisteman eta ingurugiroarentzako eta guretzat onak diren gauzetan parte hartzea oso positiboa iruditzen zait. Etxean hondakinen ontzi guztiak erabiltzen ditugu eta auzo honetan birziklatze tasak gora egin duela esango nuke. Hala ere, egia da, oraindik ohitura asko aldatu behar ditugula. Organikoan adibidez, poltsa biodegradagarriak erabili ordez jende askok hondakinak plastikozko poltsetan botatzen dituela ikusten dut".

Andoaingo birziklatze baxua
"Adinekoak dituen ohiturak aldatzea zaila izan daiteke, baino nonbaitetik hasi beharra dago".

MARIA PADILLA - Olagain

Esperientziaren balorazioa
"Bakoitzak bere iritzia izan dezake, baina nik oso ondo ikusten dut. Organikoaren txartela etxean jaso nuenetik erabili dut, eta orain errefusarekin berdin. Ahal izan dudanean hasi naiz erabiltzen. Zaborra bi egunetik behin botatzen dut".

Igoko al da birziklapen tasa?
"Baietz espero dut. Gainera zaborrontzien ingurua garbi ikusten dut, eta hori da helburua; ingurua garbi mantentzea eta ahalik eta gehien birziklatzea".

Andoaingo birziklatze baxua
"Auzo bakoitzaren araberakoa dela esango nuke. Olagainen ongi birziklatzen dugula uste dut".

ANTONIO SEVILLA - Sorabilla

Esperientziaren balorazioa
"Edukiontziak ixteko erabakia ondo iruditzen zait. Aspalditik, gainera, kanpoko jende asko etorri izan da hona zaborra botatzera eta itxierak horretan lagunduko digula iruditzen zait".

Igoko al da birziklapen tasa?
"Nik errefusa ez dut asko erabiltzen. Nire zabor guztia gaika sailkatzen dut. Guztion artean herrialde  garbiagoa izatea da garrantzitsua".

Andoaingo birziklatze baxua
"Zerbait entzun dut bai, eta guk birziklapenaren %100era iritsi beharko genukeela iruditzen zait".

JOXE AMARO- Olagain

Esperientziaren balorazioa
"Oso ondo. Ixtean inork ezin baitu edukiontzia ireki eta dena bertan geratzen da. Bi gara etxean eta bi egunez behin edo ateratzen dugu zaborra. Zerbait kosta zaigula esan behar dut. Asko sortzen ez dugunez, dena sailkatuta edukitzea kosta egiten da. Baina azkenean ondo egiten saiatzen gara".

Andoaingo birziklatze baxua
"Nik ez dut uste hori horrela denik. Nire inguruan ditudan andoaindarrak behintzat, guztiok birziklatzen dugula esango nuke. Bai etxean, eta baita dendetan ere".

XABIER LOPEZ - Sorabilla-Bordaberri

Esperientziaren balorazioa
"Ondo, behin hondakinak sailkatzen hasita, sailkatzeko edukiontzi errazena errefusarena dela esango nuke nik. Arazo bakarra dugu. Sorabillan elizaren ondoan dago edukiontzi grisa eta auzoa oso zabala da. Bordaberritik oso urruti geratzen zaigu. Astean behin edo bi astetik behin erabiltzen dugu. Oso gutxitan sortzen baita. Espazio aldetik edukiontzi bat gehiago besterik ez da, eta oso gutxitan betetzen da. Pardelak kenduta, errefusarena ez da usain gehien botatzen duen hondakina".

IXIAR OTAÑO - Alejandro Calonge

Esperientziaren balorazioa
"Egokia eta erraz erabiltzekoa iruditzen zait txartelarekin ireki beharreko sistema berria". Nolanahi ere, haserre agertzen da, izan ere, lehen bezalatsu orain ere kanpotik etorritako jendeak bertan zaborrak uzten segitzen duelako, eta okerragoa dena, horiek txartelarik ez edukitzeagatik kanpoan uzten hasi direlako: “Aurreko egunetan, esate batera, lurrean botata zeuden bi poltsa errefusaren edukiontzira neronek bota behar izan nituen”.

Auzoz kanpokoek ez ezik bertakoren batek ere zaborrak kanpoan uzten dituela uste du: “Sistema egokia da, baina horretarako moldatzeko kontzientzia eta gogoa eduki behar da. Nahi duenak lortuko du, nahi ez duenak ez”. Etxean familiari ez zaio batere kostatu hondakinak sailkatzea, “Betidanik eduki dugun kultura da; akaso gure kasua apartekoa izango da, izan ere organikoa baserriko ganaduarentzat eramaten baitugu. Ohitzea besterik ez da. Izatekotan ere, adineko jendeak eduki dezake zailtasunen bat...”.

Andoaingo birziklatze baxua
Ez du ulertzen zergatia: “Hezikleta kontua da; hotzean pentsatzen jartzen zara, eta benetan, ez da batere zaila geuk sortzen ditugun hondakinak sailkatzea. Tristeena izaten da kontzientziarik ez daukan jendea behartu behar izatea ondo funtziona dezan”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!