Euskalduna futbol taldea osatu zutenen liburua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 27a, 02:00

Euskalduna futbol taldeari buruzko bigarren liburua argitaratu du Jose Javier Zatarainek. Maila ezberdinetako taldeen argazkiak, jokalarien izenak eta sailkapenak biltzen ditu ia hirurehun orrialdeko liburuak.

"Euskalduna K.E. taldeko hirurogeita hamasei denboraldi (XX-XXI. mendeak)" du izenburua liburuak, eta 15 eurotan jarri da salgai Ernaitza, Stop eta Delgado liburudendetan.

Bertan, 1923an sortu zen klubeko maila ezberdinetako taldeen makina bat argazki ikus daitezke, eta horiekin batera denboraldiz denboraldiko jokalarien eta lehendakarien izen-abizenak eta sailkapenak.

Aspalditxo bere buruari erronka berezia ezarri zion: Euskaldunaren historia irudietan eta datuetan jasoko zuten hiru liburu kaleratzea. 'Euskalduna andoaindarra K.E. 75 urteurrena-75 aniversario S.D. Euskalduna' izan zen lehenbizikoa, 1998an. Bigarrena, aurkeztu berri du; eta hirugarrena, klubaren mendeurrenarekin batera egina edukitzea espero du, 2023an. “Osatua izango da datu eta estadistiken aldetik; ehun urte horietan Euskaldunaren elastikoa jantzi duten jokalari guztien ibilbidea erakutsiko du, zein mailetan jokatutakoak diren, zenbat minutu zelaian, zenbat gol...”.

Txinaurriaren lana hartu zuen gizonak bere bizkar, eta setati jarraitzen du. “Gipuzkoako Federazioko idazkari den Patxi Gabilondok esan izan dit herrialdean Reala eta besteren bat kenduta, beste inork ez daukala gureak daukan artxiboa, argazkietan eta datu pilaketan”.

Euskalduna, bihotzean
Argazkilaritza eta Euskalduna, horiek izan dira Zatarainen afizio eta pasio iturri betidanik, eta bere bizitzako makina bat ordu eta ahalegin eskaini dizkie. Oraingo honetan, berak bildu ditu argazki eta datu guztiak, eta berak maketatu du liburua. Hori eginda, Euskaldunari eskaini dio material guztia, honek inprimatu eta salgai jarri dezan. “Euskalduna futbol taldeari egin diodan oparia da liburua”, bere esanetan.

“Aitona eta aita Euskaldunako lehendakariak izan ziren, eta niri ere transmititu zidaten klub urdinarekiko maitasuna. 29 urtez izan nintzen zuzendaritza batzordeko kide”. Horrela, bera izango da klubeko  zuzendaritzan urte gehien egin dituen pertsona. Oraindik orain zendu den Joxan Huizi datorkio oroitzapenera, atzera begira jarri orduko:  “Azken urteak Joxan Huizi lehendariarekin egin nituen. Fundamentu askoko lehendakaria izan zen, eta klubak aurrerapauso handia eman zuen antolakuntzaren eta prestigioaren aldetik. Osasunagatik ez balitz, Joxeanek jarraituko luke lanean. Pena izugarria ematen dit berak ezin izan duelako ezagutu liburu hauxe”.

Gaur egungo taldearen zuzendaritza oso esku onetan dagoela iruditzen zaio. “Gazteak dira eta gogo biziz hartu du orain sartu den jendeak, eta seriotasun handia ikusten diot. Ez daukate lan erraza egiteko, izan ere, ez da esker onekoa. Gauzak ondo doazenean inor ez da ohartzen atzean zein dagoen, baina zerbaitek huts egiten badu, orduan agudo datozkizu kritikak, are gehiago denak ezagunak garen Andoain bezalako herri batean”.

Esku bete lan
Argazkiak eta Andoain (ziklismoa, areto futbola eta inauteriak) ardatz dituzten hiru liburu kaleratu izan ditu Zatarainek azken urteetan. Bestalde, Zubietako hipodromoko zaldi lasterkarien eta horien prestatzaileen ingurukoak ere jorratu izan ditu. Beste hainbeste liburu eta gehiagorako materiala gordeta daukala aitortzen du Zatarainek. “Nolanahi ere, saiatuko naiz poliki-poliki argitaratzen guztia, lanean jardun ahala”. Bien bitartean, facebooken daukan kontua (andoaindarra de futbol) egunero-egunero elikatzen jarraitzen du, argazki kamerarekin futbol zelaietan, lasterketan edota kultur ekitaldi anitzetan ateratzen dituen argazkiekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!