Kazetaritzaren mugarriak sarituko dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 25a, 02:00

Urriaren 26an, ostiralarekin, arratsaldeko 19:00tan hasita izango da aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien ekitaldi nagusia Andoainen, Bastero kulturguneko auditorioan. Ekitaldian zehar, euskarazko kazetaritza garaikidea aintzat hartuko da.

Aurtengo edizioa guztiz berezia izango da, '30 urte 10 mugarri lelopean', azken berrogeita hamar urteetan euskarazko kazetaritzan mugarri izan diren hamar eragile sarituko baitira, euskarazko kazetaritzak egin duen aurrerabide itzelean protagonista nagusi izan direnak. Beraz, ez da izango ohiko edizio bat, kazetaritzako eta komunikazio munduko azken urtean izan diren lanik onenak sarituko dituena; izendaturiko epaimahai berezi batek atzera begiratua egin du, Rikardo Arregi zenaren heriotzaren garaietaraino joan, azken berrogeita hamar urteei begiratu, eta euskarazko kazetaritzak egin duen ibilbidean mugarri izan direnak ezagutu eta saritzeko.

Ekitaldi musikatua Basteron, 19:00tan hasita
Hori dela-eta, Andoaingo Udalak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza politikarako Sailaren laguntzaz, ekitaldi berezia antolatu du, non hamar sarituei egin duten lanaren aitortza egingo zaien, Xabier Laka eskultoreak bereziki egindako eskultura bat haien esku jarriz. Sari-banaketa ekitaldi musikatua izango da, Joxan Goikoetxea eta Iosune Marin musikariek eta Olatz Prat kantariak jantziko dutena.

'Zubi lana' dokumentala
Gainera, azken 30 urteei errepasoa egingo dien bideo laburraz gain, On Time ekoiztetxeak eta EITBk aurtengo edizioaren inguruan berariaz egin duten 'Zubi lana' izenburuko dokumentalaren aurrerapen laburra eskainiko da. 'Zubi lana' dokumentalean, hain zuzen ere, azken berrogeita hamar urteetan euskarazko kazetaritzak eta komunikazioak bizi izandakoen kontaera egiten da.

Ekitaldira bertaratzen direnak ez dira ez esku hutsik joango: hamar mugarrien berri  ematen duen liburuskaz gain, aipatu dokumentalaren ale bana eramango dute etxera.

Sari banaketa ekitaldian Euskal Herriko erakunde nagusietako ordezkariak izango dira, erakunde horien laguntzaz ekoitzi baita Zubi lana izenburuko dokumentala. Bertan izango dira,  Andoaingo alkatearekin batera, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harreman kontseilaria, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Aldundietako ordezkariak eta beste hainbat agintari eta erakunde ordezkari.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!