"Motor ikuskizunek interes handia pizten dute Urnietan"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 29a, 01:00

Xoxoka Motor Kirol Klubak Urnietako Erratzu industrigunean hirugarren Slalom jaialdia antolatu du, iganderako. Xoxoka Motor Kirol Klubeko kide den Josu Redondorekin aritu gara solasean.

[Informazio gehiago]

Motorzaleen festa duzue igandean. Zaletu gehiago hurbiltze aldera, eta mundu hori ezezaguna zaionarentzat, azalduko al zenioke zer den Slaloma?
Euskadiko txapelketaren parte da, Erratzun osatu dugun zirkuitoan egingo dena. Parte-hartzaileek zirkuitua buruz ikasi eta ibilbidea nahastu gabe eta konorik bota gabe egin behar dute.  Azkarren egiten duenak irabaziko du. Denboren neurketan Euskadiko automobilismo federazioaren laguntza izango dugu.

Zergatik da hain erakargarria slaloma, zure ustean?
Parte-hartzaileentzat garrantzitsua da bertan parte hartzea, lasterketa Euskadiko Txapelketaren barruan sartzen delako. Bestalde, gaur egun ez da oso ohikoa horrelako ekitaldi bat antolatzea edo ikustea. Urnietako Udalak lehiaketaren antolakuntzan interesa ipini du eta hori garrantzitsua da horrelako ekitaldi bat antolatzerako garaian.

Auto eta motor ikuskizunek interes handia pizten dute Urnietan. Antzematen da horrelakoetara gerturatzen direnek motoak, kotxeak edota kamioiak gustuko dituztela.

Irailean auto klasikoen erakustaldia egin zenuten, urnietar askoren arreta piztuz.
Bertan parte hartu ahal izateko baldintzetako bat autoak 25 urte baino gehiago izatea zen. 68 bat parte-hartzaile izan genituen.
Mila lagun inguru bildu ginen.

Urnietako jendeaz gain, ingurukoak ere gerturatzen dira beraz?
Bai, inguruko jende asko gerturatzen da Irun, Donostia, Villabona… baita Nafarroa edota Bizkaitik ere.

Finantziazio handia eskatzen al du horrelako probak?
Bai, diru asko da. Seguruak, dortsalak, plazak, ibilbideak, eta horrelako gauzak antolatzerako garaian ere azpiegitura handia behar izaten dugu. Herriko ostalaritzatik hasita, tailer mekanikoak eta bankuren bat badugu babesleen artean. Egia esan herriak asko lagundu digu.

Nola gonbidatuko zenituzke eskualdeko herritarrak?
Ziurtatua dagoela esango nieke. Autoa kontrolatu eta bueltaka edukitzea... kanpotik erraza dirudi, baina ez da horren erraza. Soinua, motorra, gasolina, goma errea,... Motorzale garenontzat oso gustukoak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!