Andoain eta gaztetako oroitzapenak, Iñaki Irazuren hitzaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 24a, 02:00

Urriaren 24an Liburutegiaren Eguna ospatzen dela-eta, zenbait ekitaldi antolatu ditu Andoaingo liburutegiak. Horien artean, Iñaki Irazu poetak oraindik orain kaleratutako Errukiaren saria liburua eta Andoaingo gaztetako oroitzapenak hizpide hartuko dituen hitzaldia iragarri da.

Asteartean, papiroflexiari buruzko tailerrak eman zion hasiera ekitaldiz beteriko programari. Daniel Dorronsoro adituaren eskutik, Origami tailerrarekin gozatzeko aukera eduki zuten haurrek; paperaren bidez adierazpen artistikoetan nola trebatu litekeen ikasi zuten haurrek.

Urriaren 25ean, Iñaki Irazu Andoaingo poetaren txanda helduko da. Hitzaldiari begira Irazuk zera aitortu du: “hitzen argia behar dugu, non gauden esango diguten, bizi duguna argituko diguten hitzak: esan egingo dutenak (gaituztenak). Argi horren bila jotzen dugu, besteak beste, liburuetara”. Argiaren bilaketa horretan, Irazurentzat gaztaroan Andoaingo liburutegiak garrantzi itzela eduki zuen. Liburutegi horrekin eta bertako liburuekin edukitako haremanez gain, Andoain eta andoaindarrak ardatz dituzten beste hainbat kontu izango ditu mintzagai Irazuk hitzaldian.

Urriaren 30ean, bi hitzordu jarri dira haur zein helduentzat. 4-5 urteko haurrentzat ipuin kontaketa antolatu da 17:30etatik aurrera, Maider Urcelay ipuin kontalariarekin. 19:00etatik aurrera, berriz, Ana Malagonen Gelditu zaitezte gurekin ipuin bilduma ardatz izanda literatura solasaldia egingo da, Ane Muñozen gidaritzapean.

Gaur ospatzen da Liburutegiaren Nazioarteko eguna, esan bezala. Bereziki egun seinalatua da Andoaingo liburutegiarentzat, 56. urteurrena betetzen duelako. Bada, bi ospakizunekin bat eginez, egunean zehar bertaratzen diren irakurle zaleek liburuzainek egindako pintxo-bizkotxoa dastatu ahal izango dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!